Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia

64. ekitaldia

2025eko Euskal Herriko Itzuliak 16,5 kilometroko erlojupekoa izango du lehen etapan, Gasteizen

EITB MEDIA

Lasterketako 64. ekitaldia ostegunean aurkeztu dute. Apirilaren 7an hasi eta 12an amaituko da, ohi bezala sei etapa izango ditu, eta, txirrindulariek, guztira, 27 igoera puntuagarri egin beharko dituzte; horietako lau 1. mailakoak izango dira, eta hiru azken etapan egin beharko dituzte.

  • 2025eko Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7an hasi eta 12an amaituko da. Argazkia: EFE.

    2025eko Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7an hasi eta 12an amaituko da. Argazkia: EFE.

2025eko Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7an hasiko da, astelehenez, eta lehenengo etapan 16,5 kilometroko banakako erlojupekoa jokatuko dute, Gasteizen; lasterketak sei etapa izango ditu, eta azkena apirilaren 12an izango da, larunbatez, Eibarren hasi eta amaituta. Ostegunean aurkeztu dute 64. Itzulia; guztira, ibilbidean, txirrindulariek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren 27 igoera gainditu beharko dituzte; horietako lau 1. mailakoak izango dira, eta azken etapan hiru egin beharko dituzte parte-hartzaileek.

Aurtengo Itzulia, testuinguru horretan, Gasteizen jokatuko duten 16,5 kilometroko etapa batekin hasiko da; bigarren etapak 199,8 kilometro izango ditu, eta Nafarroan egingo dute osorik, Iruñean hasita eta Lodosan amaituta; hirugarren jardunaldian lasterketa Gipuzkoan izango da, eta txirrindulariek 156,3 kilometro egin beharko dituzte, Zarauztik abiatuta eta Beasainera iritsita; probako laugarren egunerako, antolatzaileek 169,6 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta zati batzuk Gipuzkoan eta beste zati batzuk Bizkaian egingo dituzte, Beasaindik Markina-Xemeinera; bosgarren jardunaldiak Urduña izango du abiapuntu, Arabako hainbat herri zeharkatuko ditu, eta, berriro Bizkaian sartuta, Gernika-Lumon amaituko da, 172,4 kilometro eginda; eta seigarren eta azken etapan, ziklistek 153,6 kilometro egingo dituzte, Eibarren hasi eta amaituta.

1. etapa, Gasteiz-Gasteiz (16,5 kilometro, banakako erlojupekoa)

Hortaz, 64. Euskal Herriko Itzuliaren lehenengo etapan 18,7 kilometroko banakako erlojupekoa izango da; baliteke, beraz, alde nabarmenak izatea sailkapen nagusiaren lehian ibili nahi duten txirrindularien artean. Parte-hartzaileak Buesa Arenatik abiatuko dira, 3. mailako Arzubiaga mendatea igoko dute, eta helmuga Biosfera Pasealekuan izango da, Buesa Arenan, Arabako hiriburuan.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 1. etaparen profila. Irudia: itzulia.eus.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 1. etapako profila. Irudia: itzulia.eus.


2. etapa, Iruñea-Lodosa (199,8 kilometro)

Probako bigarren etapa Nafarroan jokatuko dute, osorik. Hiriburutik irtengo da, alegia, Iruñetik, eta Lodosan bukatu; udalerri horretan bertan izango da, hain zuzen ere, 2025eko Itzuliaren lehenengo esprint berezia, etapako 137,7. kilometroan, eta bigarrena, 159,2. kilometroan, Allon egingo dute. 2025eko Itzuliko etaparik luzeena izango da, eta 3. mailako mendate bat igo beharko dute ziklistek, La Oliva, 56,6. kilometroan.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 2. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 2. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

3. etapa, Zarautz-Beasain (156,3 kilometro)

Gipuzkoan jokatuko dute, osorik, Itzuliaren hirugarren etapa; ibilbide menditsua izango du, oso gorabeheratsua, klasikoek izaten dutenaren modukoa. Eguna Zarautzen hasi eta Beasainen amaituko da. Ibilbidean, 2. mailako mendate bat dago, Santa Ageda hain zuzen ere, eta, horrez gain, 3. mailako sei igo beharko dituzte ziklistek: Meaga, Andatzarrate, Alkiza, Mandubia, Gaintza eta Lazkaomendi. Nabarmentzeko modukoak dira, gogorrak izango baitira, Gaintzarako eta Lazkaomendirako igoerak, 119,4. eta 150,9. kilometroetan, hurrenez hurren. Hirugarren etapa giltzarria izan liteke; izan ere, lasterketa kontrolatu nahi edo behar duten taldeek zailtasun handiak izan litzakete hori egiteko, kontuan izanik nolako ibilbidea duen. Beasainen eta Alegian egingo dituzte esprint bereziak.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

4. etapa, Beasain-Markina-Xemein (169,6 kilometro)

Itzuliaren antolatzaileek erabaki dute laugarren etapan ere, aurrekoan bezala, zazpi mendate izatea. Horietako bat 1. mailako Izua izango da, eta ziklistek jardunaldiko azken zatian gainditu beharko dute; azken ia hamar kilometroetan, azkar-azkar egingo du behera lasterketak, Izua atzean utzita. Etapa Beasainen hasiko da, eta, Markina-Xemeinen amaitu baino lehen, 3. mailako sei mendate izango dira egun horretan ere: Asentzio, Muniketa, Bizkaiko Behatokia, Orontzugarai, Lekoitzegane eta Merelludi. Esprint bereziak Mutrikuko Mijoan eta Elgoibarren jokatuko dituzte, Sigman azken hori.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

5. etapa, Urduña-Gernika-Lumo (172,4 kilometro)

2025eko Itzuliaren bosgarren etapa Bizkaian hasiko da, Urduñan, Araban jarraituko du, eta berriro ere Bizkaian sartuko da; helmuga Gernika-Lumon kokatuko dute. Lau mendate puntuagarri izango ditu, 3. mailakoak denak: "Las Campas", Sarasola, Aretxabalgana eta Errigoiti. Urduritasuna izan liteke nagusi tropelean, kontuan izanik biharamunean amaituko dela lasterketa; Gernika-Lumon sailkapen nagusiko liderraren maillota jasotzen duen txirrindulariak, ondorioz, ondo baino hobeto jakingo du aurkariek erasoa jo beharko dutela hurrengo egunean, hau da, probako azken jardunaldian. Esprint bereziak Arteagan eta Foruan jokatuko dituzte.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

6. etapa, Eibar-Eibar (153,6 kilometro)

Aurreikuspena da 2025eko Euskal Herriko Itzuliaren azken etapa erabakigarria izatea. Guztira, zazpi igoera puntuagarri egingo dituzte txirrindulariek, horietako hiru 1. mailakoak: Azurki, Krabelin eta Izua; halaber, 2. mailako beste bat izango da, Karabieta, eta 3. mailako hiru: Elkorrieta, eta, bi aldiz, Trabakua. Trabakuarako azken igoeratik Eibarreko helmugara, 18 kilometro izango dira. Eibarren bertan eta Markina-Xemeinen jokatuko dituzte eguneko bi esprint bereziak; horiek ere izan litezke erabakigarriak, sailkapen nagusiko lehen postuetan alde oso txikiak egotekotan. Ohi bezala, Eibarren jakingo dugu nork bereganatzen duen Itzulia, eta txapeldunak ekitaldi honetako liderrarentzako azken maillota jasoko du.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 6. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 6. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • OG.
  • OR.
  • LR.
  • IG.
  • AL.
  • AS.

Ez dago zuzenekorik

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…