Euskal Herriko Itzulia
5. etapa
Mikel Landak Itzulia utzi du, eroriko baten ondorioz lepauztaia hautsita
EITB MEDIA
Soudal taldeko txirrindulariak ezbeharra izan du 5. etapan, eta anbulantzian eraman behar izan dute.
-
Mikel Landa, Kataluniako Itzulian. Artxiboko argazkia: EFE.
Mikel Landa Soudal Quick-Step taldeko txirrindulariak 2024ko Euskal Herriko Itzulia utzi behar izan du ostiralean, lasterketako bosgarren etapan; izan ere, Landak erorikoa izan du, Urkiolarako igoera hasi aurretik (hori izan da eguneko lehen mendate puntuagarria). Belgikako taldeak gerora iragarri duenez, Landak lepauztaia hautsi du. Erorikoan, beste hiru ziklista ere nahasi dira, eta horiek ere utzi dute Itzulia. Hauek dira: Gil Gelders belgikarra (Landaren taldekidea) eta Gonzalo Serrano eta Pelayo Sanchez Movistar taldeko espainiarrak.
Istripua Mañarian jazo da, Zornotzako helmugarako 94 kilometro falta zirenean.
Ostegunean Remco Evenepoelek ere Itzuliari agur esan ostean, Mikel Landa zen Soudal taldeko aukera argiena sailkapen nagusirako; Murgia kontzejuko txirrindulariak, baina, ezingo du errepikatu edo hobetu 2023ko edizioan lortutako bigarren postua.