Euskal Herriko Itzulia
IRUN - KANBO
Paul Lapeirak irabazi du esprintean, Kanbon
EITB Media
Etapako azken lau kilometroetan bi eroriko izan dira, eta tropela etenda iritsi da helmugara. Ion Izagirre izan da kaltetuetako bat, eta dagoeneko 44 segundora dauka Primoz Roglic liderra.
Paul Lapeira (Decathlon AG2R) txirrindulari gazteak irabazi du, esprintean eta euripean, Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa (Irun-Kanbo). Lau kilometroren faltan, bi eroriko izan dira, eta tropela hautsita iritsi da helmugara.
Azkeneko metroetan, Lapeira izan da azkarrena, eta denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu du. Haren atzetik sartu dira, hurrenez hurren, Samuele Battistella (Astana), Louis Vervaeke (Soudal Quick Step), Pau Miquel (Kern Pharma), Alex Aranburu (Movistar), Gonzalo Serrano (Movistar) eta Guillermo Thomas Silva (Caja Rural).
Azken kilometroetako bi erorikoak ez dira larriak izan, baina hainbat txirrindulari entenda gelditu dira, eta denbora galdu dute helmugan, besteak beste, Ion Izagirre (Cofidis), Jay Vine (UAE), Carlos Soler (UAE) eta Carlos Rodríguez (INEOS) izan dira kaltetuak.
Gauzak horrela, ormaiztegiarra jada ez dago hamar txirrindulari onen artean, eta 44 segundora dauka Primoz Roglic (Bora-Hansgrohe) liderra. Vinek ere atzera egin du sailkapen nagusian.
Alabaina, gainerako faboritoen artean, berriz, ez dago aldaketa nabarmenik: Mattias Skjelmose (Lidl-Trek) da orain bigarrena; Remco Evenepoel (Soudal Quick Step), hirugarrena; Juan Ayuso (UAE), laugarrena; Jonas Vingegaard (Visma-Lease a Bike), bosgarrena; eta Pello Bilbao (Bahrain), hamargarrena.
ETAPAKO SAILKAPENA:
Bigarren etapako sailkapena.
SAILKAPEN NAGUSIA:
Itzuliko sailkapen nagusia.