Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia

Moldaketa

Itzuliak 3. eta 5. etapetako ibilbideak moldatu ditu

A. B. E. | EITB MEDIA

Errenteria eta Amasa-Villabona arteko etaparen eta Zornotzan hasi eta bukatuko denaren ibilbidean aldaketak egin dituzte antolatzaileek, txirrindularien segurtasuna bermatzeko.

  • 2022ko Itzulian, etapa bat Amurrion amaitu zen; argazkia une horretakoa da (EFE).

    2022ko Itzulian, etapa bat Amurrion amaitu zen; argazkia une horretakoa da (EFE).

Euskal Herriko Itzuliak 3. eta 5. etapetako ibilbideak moldatu ditu, antolatzaileek ostiralean, martxoaren 31n, ohar bidez jakitera eman dutenez; moldaketa horiek txirrindularien segurtasuna bermatzeko egin direla adierazi dute, ibilbideak berrikusi eta berraztertuta.

Azterketa horietan, Itzuliak zehaztu duenez, ikusi egin dute 3. eta 5. etapetako "zenbait puntuk" ez zituztela betetzen aurreikusitako baldintzak, "txirrindularien eta lasterketako gainerako azpiegituren segurtasun baldintza egokiak bermatzeko"; antolatzaileek, baina, ziurtatu dute ibilbidearen ikusgarritasuna "berdina edo handiagoa" izango dela, eta egindako "aldaketa txiki horiekin" txirrindularien segurtasuna bermatuko dela. Ibilbideari ez ezik, aldaketek bi etapa horietako kilometro kopuruei ere eragiten die, eta irteera eta iritsiera ordutegiei ere bai.

Moldaketak, zehatz-mehatz: 3. etapa, Errenteria - Amasa-Villabona

Hala, 3. etapan (apirilaren 5ean jokatuko dute), hau da, Errenterian hasi eta Amasa-Villabonan amaituko den jardunaldian, tropelak, azkenean, 162,8 kilometro egin beharko ditu; hau da, hasiera batean aurreikusitako 153,9 kilometroak baino 8,9 gehiago. Errenteriatik 13:26an abiatuko dira, ez 13:39an (irteera neutralizatua 13:12an izango da). Irabazleak 17:18tik 17:42ra bitartean zeharkatuko du Hikan izango den helmuga.

Ibilbideko aldaketak 96,4 kilometroan daude, Itzuliak zehaztu duenez. Puntu horretan, lasterketak eskumara joko du, Asteasurantz, 3. mailako Alkiza mendatearen igoera hasteko; izan ere, Anoetarantz doan errepidean ez dira segurtasun eta mantentze lanak bukatu. Horregatik erabaki dute antolatzaileek aldaketa hori egitea; horren ondorioz, etapak 8,2 kilometro gehiago izango ditu, 162,8 kilometro guztira.

5. etapa, Zornotza-Zornotza

5. etaparen (apirilak 7) ibilbide berriak hasierakoak baino kilometro eta erdi gutxiago aurreikusten du: hain zuzen ere, 165,9 kilometro zeuden lehen ibilbidean, eta 164,5 daude behin betikoan. Zornotzako irteera 13:23an egingo dute (irteera neutralizatua egin eta 15 minutura), hau da, iragarrita baino bi minutu lehenago. Irabazleak, horrenbestez, 17:18tik 17:42ra bitartean amaituko du lana, Zornotzan ere.

157,3. kilometrora arte, ez dago aldaketarik ibilbidean. Orduan, Epaltza auzorako igoera aldatu eta kentzen da; tropela Urritxe futbol zelaiaren ondotik igaroko da, Autzaganeko azken igoerari ekiteko. Amaieran ez dago moldaketarik; etapak 1,4 kilometro gutxiago izango ditu, 164,5 guztira.