Euskal Herriko Itzulia
Itzulia 2023
2023ko Itzuliak 6. etapako nondik norakoak argitara eman ditu
EITB MEDIA
Lasterketaren azken irabazlea erabakiko duen jardunaldiak gogortasunez beteriko 137,8 kilometro izango ditu, tartean zazpi mendate puntuagarri egonik.
Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaileek 2023ko ekitaldia itxiko duen 6. etaparen ibilbidearen nondik norakoak plazaratu dituzte ostiral honetan, Eibarko udaletxean eman duten prentsaurrekoan.
Dagoeneko jakina zenez, hiri armaginak hartuko ditu lasterketaren azken jardunaldiko irteera eta ailegaera. Etapa motza izango da (137,8 kilometro baino ez), baina gogortasunez betetakoa; izan ere, txirrindulariek zazpi mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte denetara (1. mailako hiru, 2. mailako bat eta 3. mailako beste hiru) Eibarko helmugara iritsi arte.
Hala, hasi eta berehala, 13. kilometroan, Elkorrieta (3. maila) izango dute zain ziklistek, eta, ondoren, ia berehala Azurkiko (1. maila) aldapa gogorrekin egingo dute topo (% 7,4ko batez besteko maldak).
Hura jaitsi eta berriro ere gora begira jarriko dira Gorla (2. maila) mendatera bidean, egunerako igoerarik luzeena izango dena (9,6 km). Bertako tontorretik Bergarara jaitsiko dira, eta 20 kilometro inguru izango dituzte arnasa hartzen saiatzeko, hurrengo hitzorduari aurre egin aurretik, 1. mailako Krabelin. Etapako zailtasunik handiena izango da, nahiz eta igoera luzea ez izan (5 km) % 9,6ko batez besteko maldek asko gogortuko baitute txirrindularien lana.
Behin Krabelin atzean utzita, etapako bigarren erdia geratuko zaie betetzeko kirolariei beste hiru mendaterekin: Arrangizgana (3,3 km eta % 7,1ko batez besteko aldapak) Izua ( 4,1 km eta % 9,2) eta Urkaregi (5 km % 4,8). Azken gain horretatik 12 kilometro eskas faltako dira helmuga harrapatzeko, gehien-gehienak maldan behera.
Orduantxe jakingo da nor izango den 2023ko ekitaldiaren irabazlea eta Daniel Felipe Martinezi txanda hartuko diona.
ETAPAKO PROFILA:
Gainera, aurtengo Itzuliak bi ibilbide izango ditu. Aipatutako lasterketari hondo erdiko bat gehituko zaio, 80 kilometro eta 2.100 metroko desnibelarekin.