Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia

APIRILAREN 3TIK 8RA

Itzuliak 2023ko etapen irteerak eta helmugak jakinarazi ditu

A. A. | EITB MEDIA

Lasterketa Gasteiztik abiatuko da apirilaren 3an, eta Eibarren amaituko da hilaren 8an, larunbatean.

  • Ion Izagirre, 2022ko edizioko azken etapako irabazlea

    Ion Izagirre, 2022ko edizioko azken etapako irabazlea. Argazkia: EFE

Euskal Herriko Itzuliko (Itzulia Basque Country) antolatzaileek astelehen honetan jakinarazi dute zein izango diren 62. edizioko etapen irteerak eta helmugak hartuko dituzten udalerriak. Hala, txirrindulariek Gasteiztik ekingo diote lasterketari, eta 6 egun geroago, Eibarren amaituko dute euren ibilbidea.

Gasteizek Itzuliaren etapa baten irteera hartuko du beste behin ere, baina 2023ko ekitaldian, haren protagonismoa handiagoa izango da, hiri horretan hasiko baita lasterketa. Handik, Bastidara joko dute txirrindulariek, lehen etapa bukatzeko. Bigarren etapa Nafarroan zehar ibiliko da osorik, eta Viana eta Leitza lotuko ditu 2022ko edizioan egin legez. Hori bai, kasu honetan, irteera eta helmuga guneak trukatuta egongo dira. Hirugarren etapa, berriz, Gipuzkoan hasi eta bukatuko da; Errenteriatik abiatuko baita Villabona-Amasan bukatzeko. 

Lasterketaren erdialdean, Bizkaira joko dute txirrindulariek, hurrengo bi etapak bertan jokatzeko asmoz. Izan ere, Santurtzik hartuko ditu laugarren jardunaldiaren irteera eta helmugak, eta, bosgarrenean, aldiz, Zornotzak.

Azken etapari dagokionez, Eibar ingurutik ibiliko dira parte-hartzaileak, hiri armaginean hasi eta bukatuko baita lasterketako garailea nor izango den argituko duen seigarren jardunaldia.

Etapei buruzko xehetasun guztiak urte hasieran jakinaraziko dituzte antolatzaileek prentsaurreko batean.

2023KO ITZULIAREN ETAPAK:

1. etapa (apirilak 3): Gasteiz – Bastida

2. etapa (apirilak 4): Viana – Leitza

3. etapa (apirilak 5): Errenteria – Villabona-Amasa

4. etapa (apirilak 6): Santurtzi – Santurtzi

5. etapa (apirilak 7): Zornotza – Zornotza

6. etapa (apirilak 8): Eibar – Eibar