Itzulia Women
1. EKITALDIA
2022ko Itzulia Women lasterketako ibilbide ofiziala eta etapetako profilak aurkeztu dituzte
A. A. | EITB MEDIA
Probak hiru etapa izango ditu, maiatzaren 13tik 15era bitartean. Lehenengoa Gasteizen hasiko da, eta azkenak Donostia izango du abiapuntu eta helmuga.
Maiatzaren 13tik 15era jokatuko den Itzulia Women lasterketaren antolatzaileek astearte honetan aurkeztu dute probaren behin betiko ibilbidea, hiru etapatan banatuta egongo dena.
Lehenengo etapak Gasteiz eta Bastida lotuko ditu 105,9 kilometroko ibilbidean zehar, eta parte-hartzaileek hiru gain puntuagarri igo beharko dituzte (3. mailako bi eta 2. mailako bat) euren jardunean. Gainera, Arabako Errioxako helmugara iritsi aurreko azken kilometroek goranzko joera izango dute, eta arrapala gogorren bat tartean.
Bigarren jardunaldia Mallabitik aterako da, baita bertan amaitu ere, bizikleta gainean 118,3 kilometro bete ondoren. Emakumezkoen nazioarteko tropeleko txirrindulariek sei mendate izango dituzte zain egun horretan, horietako bost 3. mailakoak. Dena den, etapako zailtasunik gogorrena, 1. mailako Karabieta, amaiera aldera igo beharko dute; izan ere, horren tontorretik 12 kilometrora izango dute helmuga. Bezperan gertatu bezala, jardunaldiaren amaiera gaiztoa izango da, eta hori ere aldapan amaituko da.
Lasterketaren azken eguna Gipuzkoan barrena jokatuko da oso-osorik, Donostia izango baitu abiapuntu eta helmuga. Ziklistek jardunaldirik luzeenari egingo diote aurre (138,9 km), eta lau igoera puntuagarri gainditu beharko dituzte (3. mailako bi eta 2. mailako beste bi). Murgil gainak (2. mailakoa, 2 kilometro eta % 10eko batez besteko maldak) azken aukera eskainiko die lasterketaren garaipena lortu nahian murgilduta daudenei zerbait egiten saiatzeko. Handik helmugara 8 kilometro baino ez dira egongo, gehienak aldapa behera.
2022KO ITZULIA WOMEN LASTERKETAKO ETAPEN PROFILAK:
1. etapa (maiatzak 13): Gasteiz – Bastida (105, 9 km)
------------------------------------------------------
2. etapa (maiatzak 14): Mallabia – Mallabia (118,3 km)
------------------------------------------------------
3. etapa (maiatzak 15): Donostia – Donostia (139,8 km)
------------------------------------------------------
2022KO ITZULIA WOMEN LASTERKETAKO IBILBIDEA: