Euskal Herriko Itzulia
4. etapa
Daniel Felipe Martinezek irabazi du Itzuliko laugarren etapa, esprint estuan Alaphilippe gaindituta
EITB Media
Txirrindulari kolonbiarra nagusitu da Zamudion amaitu den etapan. Julian Alaphiippek bigarrenez jarraian amaitu du bigarren. Primoz Roglicek jarraitzen du lidergoan.
Daniel Felipe Martinezek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa, ostegun honetan (apirilak 7) Gasteiz eta Zamudio artean egin dena, eta 185,6 kilometroko ibilbidea izan duena. Primoz Roglicek jarraitzen du lidergoan.
Eguneko lehen ihesaldia 15 gizonek osatu dute. Geraint Thomas, Pascal Eenkhoorn, Davide Formolo, MaurI Vansevenant, Oscar Rodriguez, Ruben Fernandez, Victor Lafay, Felix Grossschartner, Tsgabu Grmay, Cristian Rodríguez, Mark Donovan, Jefferson Cepeda, Bruno Armirail, Mikel Iturria eta Ruben Guerreiro txirrindularien taldea ibili da lasterketaren buruan. Urruztimendiko igoeran Amirail, Lafay, Thomas eta Gurreiro geratu dira aurrean, baina helmugarako 30 kilometro falta zirenean, laukoteari batu zaizkie Mikel Iturria, Mauri Vansevenant eta Formolo.
Etapa amaitzeko 24 kilometrora erasoa jo du Lafayk, eta lasterketa buruan ibili den zazpikotea txikitu du. Viverorako igoeran Julian Alaphilippek erasoa jo du, baina lasterketa irabazteko faboritoek azker erantzun dute, eta ez diote alde egiten utzi. Jaitsieran Remco Evenepoel saiatu da tropeletik ihes egiten, baina ez du helburua lortu.
Tropelak erritmoa bizitu du azken 15 kilometroetan. Lafay 39 segundoko abantailarekin iritsi da azken kilometroetara, baina harrapatu egin dute helmugarako kilometro bakarra falta zenean. Azken kilometroan igoera txiki bat gainditu behar izan dute txirrindulariek. Garaipena lortzeko lehia oso estua izan da, eta Daniel Felipe Martinez nagusitu da Zamudioko helmugan, Alaphilippe mendean hartuta. Kolonbiarrak oso gutxigatik irabazi dio frantziarrari. Alaphilippe bigarren izan da, bigarren egunez jarraian. Diego Ulissi izan da hirugarren. Pello Bilbao bosgarren helmugaratu da.
Sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du Pimoz Roglicek eta bost segundoko abantaila du bigarren den Remco Evenepoelekiko. Daniel Felipe Martinez da hirugarren, liderrarekiko 11 segundora. Pello Bilbao seigarren postuan kokatuta dago Roglicekiko 19 segundora. Ion Izagirre zortzigarren postuan da, 20 segundora.