Euskal Herriko Itzulia
3. etapa
Pello Bilbaok irabazi du Itzuliko hirugarren etapa, esprintean Alaphilippe mendean hartuta
EITB Media
Gernika-Lumoko txirrindulariak ezustekoa eman du Amurrioko helmugan nagusituta. Lasterketa irabazteko faboritoak egon diren taldea bat egin da azken metroetara, eta Pello Bilbao izan da onena, Julian Alaphilippe gaindituta. Roglicek lidergoari eutsi dio.
Pello Bilbaok (Bahrain Victorious) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa, asteazken honetan Laudio eta Amurrio artean egin dena, eta 181,7 kilometroko ibilbidea izan duena. Primoz Roglicek (Jumbo Vismo) lidergoari eutsi dio.
Hasieran tropeletik aldentzeko saiakerak ugariak izan dira, eta 50. kilometroan osatu dute eguneko ihesaldia Cristian Rodriguez (Total Energies), Jan Polanc (UAE Emitares) eta Hugo Houle (Israel-Premier Tech) txirrindulariek. Asier Etxeberria (Euskaltel Euskadi) saiatu da hirukotearekin bat egiten, baina ez du helburua lortu, eta tropelak harrapatu du. Opellroako lehenengo igoeran Houle atzean utzi dute Rodriguezek eta Polancek; ondoren, Ozekako lehen igoeran erasoa jo du Rodriguezek eta bakarrik geratu da lasterketa buruan, Polanc atzean utzita.
Tropelaren buruan Ineos Grenadiers taldea ibili da lanean, eta Geraint Thomasek jarri du erritmoa. Pixkanaka, Cristian Rodriguezen abantaila gero eta txikiagoa izaten hasi da. Opellorako bigarren igoeran tropela 30 txirrindularira murriztu da. Ozekako bigarren igoeran Adam Yatesek erasoa jo du, metro batzuetako abantaila hartu du, baina azkar erantzun dute Roglic, Evenepoel, Alaphilippe eta lasterketa irabazteko faboritoek.
Cristian Rodriguezen ihesaldia helmugarako 20 kilometro falta zirenean amaitu da, faboritoen taldetxoak harrapatu egin baitu. Pello Bilbaok erritmoa bizitu du helmugatik bost kilometrora kokatuta zegoen aldapan, baina ezin izan du ihes egin. Talde horretan egon diren 14 txirrindularien artean erabaki da garaipena. Remco Evenepoelek (Quick Step – Alpha Vinyl) Alaphilippe taldekidearentzat egin du lan azken kilometroan, frantziarra etapa irabazteko faboritoa baitzen. Esprintean, ordea, Pello Bilbaok ezustekoa eman du, garaipena lortuta eta Alaphilippe mendean hartuta. Aleksandr Vlasov (BORA hansgrohe) izan da hirugarren. Ion Izagirrek (Cofidis) zazpigarren postuan amaitu du etapa.
Roglicek jarraitzen du sailkapen nagusiaren buruan. Esloveniarrak 5 segundoko abantaila du bigarren den Evenepoelekiko, eta 14 segundo ateratzen dizkio Vlasovi. Etapa garaipena lortu ostean, Pello Bilbao sailkapen nagusiko bosgarren postuan da Roglicekiko 19 segundora. Ion Izagirre (Cofidis) zazpigarren da, 20 segundora.