Euskal Herriko Itzulia
APIRILAK 4, ASTELEHENA
2022ko Euskal Herriko Itzuliko 1. etaparen profila eta ibilbidea: Hondarribia – Hondarribia (7,5 km)
F. A. / A. A. | EITB MEDIA
Probaren 61. edizioa Hondarribiko kaleetan zehar egingo den erlojupeko labur batekin hasiko da 14:26an. Test garrantzitsua izan daiteke garaipenaren borrokan zein txirrindulari egon daitezkeen ikusteko.
-
2022ko Euskal Herriko Itzuliko 1. etaparen profil ofiziala. Argazkia: Itzulia
Euskal Herriko Itzuliaren estreinako etapan, azken urteotan lasterketak hartu duen bideari eutsiz, bakarkako saioa izango dute ziklistek Hondarribian, aurreneko berotua hartu eta euren aurkezpen txartela erakusteko.
Lehen bi txirrindulariak lasterketan Kern-Pharmako Daniel Mendez (14:26) eta Euskaltel-Euskadiko Ibai Azurmendi (14:27) izango dira; Julian Alaphilippe 16:34an irtengo da, eta Adam Yates (15:23), Ion Izagirre (15:45), Gorka Izagirre (16:10), Rigoberto Uran (16:40), Mikel Nieve (16:54), Remco Evenepoel (17:12), Pello Bilbao (17:18) eta Primoz Roglic (azkena, 17:20an), besteak beste, ikusteko aukera izango da bertan.
Katearekin gora eta behera ibili beharreko 7,5 kilometroko jardun laburra izango dute parte-hartzaileek aurrez aurre. Aldapatxoak, harbidea eta kale estuak aurkituko dituzte Gipuzkoako kostaldeko herri arrantzaleko alde zaharrean barna.
Horrez gain, lehendabiziko igoera puntuagarria idoroko dute ibilbidearen erdialdera, 3. mailako gaintxo bat, hain justu ere, Mendiko Sariaren elastikoaren lehen jabea nor izango den erabakiko duena. Kilometro eta erdiko luzera duen igoera horretako hasierako 500 metroetan, batez beste, % 9ko maldak gainditu beharko dituzte.
Sailkapeneko oilarren artean alde handirik egotea espero ez den arren, test garrantzitsua izan daiteke garaipenaren borrokan zein txirrindulari egon daitezkeen ikusteko; izan ere, asmoak asmo, beti izaten da itxaropentsu etorritako bakarren bat, eguna okertu eta aukera guztiak zapuztuta geratzen dena aurreneko egunean.
Iazko ekitaldian, laugarren etapako amaiera hartu zuen Hondarribiak, eta bertan Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok lehia estua izan zuten etapa garaipenaren bila. Azkenerako, ormaiztegiarrak bereganatu zuen loria.
PROFILA:
------------------------------------------------------
IBILBIDEA:
------------------------------------------------------
FITXA TEKNIKOA:
Etapa: 1. etapa (apirilak 4)
Ibilbidea: Hondarribia – Hondarribia
Distantzia: 7,5 km
Goranzko desnibel metatua: 195,9 m
Hasiera-ordua (lehen txirrindularia): 14:26
Amaiera-ordua (azken txirrindularia): 17:30:21 (50 km/h) | 17:30:00 (52 km/h) | 17:29:41 (54 km/h)
2022KO ITZULIKO ETAPAK:
1. etapa (apirilak 4): Hondarribia – Hondarribia (7,5 km)
2. etapa (apirilak 5): Leitza – Viana (207,9 km)
3. etapa (apirilak 6): Laudio – Amurrio (181,7 km)
4. etapa (apirilak 7): Gasteiz – Zamudio (185,6 km)
------------------------------------------------------
2022KO ITZULIKO IBILBIDE OSOA: