Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia

1. etapa

Primoz Roglicek jantzi du Itzuliaren lehen elastiko horia

EITB MEDIA

Jumbo-Visma taldeko esloveniarra izan da indartsuena Bilbon jokatu den 13,9 kilometroko erlojupekoan. Alex Aranburu (Astana) izan da lehen euskal txirrindularia, 9. postuan.

1:02
Primoz Roglic

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia ireki duen lehen etapa, Bilboko kaleetan zehar korritu den 13,9 kilometroko erlojupekoa, lasterketa irabazteko faborito nagusietako batek irabazi du, Primoz Roglic (Jumbo-Visma) esloveniarrak, eta, hartara, berak jantzi du estreinako elastiko horia.

Haren atzetik Brandon McNulty (UAE-Team Emirates) sailkatu da, eguneko ezusteko nagusia eman duena; izan ere, estatubatuar gazteak bere taldeko liderra den Tadej Pogacar baino hobeto aritu da, irabazleak baino 2 segundo gehiago behar izan baititu ibilbidea egiteko.

Aitzitik, iaz Frantziako Tourra eskuratu zuen esloveniarrak bere herrikideak baino 28 segundo gehiago behar izan ditu ibilbidea betetzeko, azken aldera nabarmen behera egin eta gero. 5. tokian sailkatu da azkenean, nahiz eta 4,7. kilometroan kokatuta zegoen tarteko mugarrian 2 segundoko aldea ateratzen zion Roglici.

Eguneko podiumeko hirugarren koska Jonas Vinegaard daniarrak eskuratu du. Jumboko ziklistak Roglicek baino 18 segundo gehiago behar izan ditu.

Bestalde, etapako lehen euskal txirrindularia Alex Aranburu (Astana) gipuzkoarra izan da, 9. postuan sailkatuta. Ezkiokoari 30 segundo tartea atera dio etapako garaileak. Mikel Landak, bere aldetk, 25. postua eskuratu du, 49 segundora; Ion Izagirreren saioa, ostera, apalagoa izan da (42.a, 1:09ra).

Erlojupekoak ezustekoak eman ditu, baita lehiatzeko moduan ere; izan ere, txirrindulari batzuek (Roglicek, adibidez) nahiago izan dute hasierako tartean irten haizearen onurak aprobetxatzeko, eta beste batzuek (Pogacarrek, besteak beste), berriz, nahiago izan dute geroago ekin.

Emaitzei begiratuz gero, Roglicek asmatu egin du. Dena den, bere estrategiaren ondorioz, hiru ordu egon behar izan du podiumean zain, etapa bukatu den arte, 14:12an irten eta 14:30ean iritsi ondoren.

Astearte honetan, Itzuliko bigarren etapa korrituko da, Zalla eta Sestao artean (154,8 kilometro), eta azken kilometroak % 6tik gorako batez besteko maldak izango ditu, tarteka % 13tik gorakoak.

Lehen etapako sailkapena (Bilbo-Bilbo, 13,9 kilometro. Bakarkako erlojupekoa)

1. Primoz Roglic (Jumbo), 17'17"

2. Brandon McNulty (UAE), 2 segundora

3. Jonas Vingegaard (Jumbo), 18 segundora

4. Tobias Foss (Jumbo),  24 segundora

5. Tadej Pogacar (UAE), 28 segundora

6. Adam Yates (Ineos), denbora berean

7. Patrick Bevin (Israel), denbora berean

8. Ide Schelling (Bora), 29 segundora

9. Alex Aranburu (Astana), 30 segundora

10. Maximilian Schachmann (Bora), 31 segundora


13. Pello Bilbao (Bahrain), 38 segundora

16. Omar Fraile (Astana), 38 segundora

19. Alejandro Valverde (Movistar), 43 segundora

21. Richard Carapaz (Ineos), 45 segundora

26. Mikel Landa (Barhain), 49 segundora

28. Sergio Higuita (EF) , 53 segundora

43. Ion Izagirre (Astana), 1:09ra