Euskal Herriko Itzulia
4. etapa
Schachmann, hirugarrenez nagusi
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lider sendoa den alemaniarrak lasterketako bere hirugarren garaipena erdietsi du Arrigorriagako esprint txikian.
Maximilian Schachmann (Bora Hansgrohe) alemaniarrak 2019ko Itzulian ematen ari den erakustaldiarekin jarraitu du laugarren etapan ere, eta, hartara, bere hirugarren garaipena lortu du Gasteiz eta Arrigorriaga lotu dituen jardunaldian (164,6 km).
Schachmannek aparteko agerraldia egin zuen lasterketari hasiera eman zion Zumarragako erlojupekoan; ondoren, Estibalizko santutegirako bidean jazotako erorikoa saihestu eta hirugarren etapa bereganatzeko gai izan zen, eta, ostegun honetan, Arrigorriagako helmugara nabarmendurik heldu diren lau txirrindularien arteko azkarrena izan da esprintatzeko garaian. Ondorioz, une honetan, bera da datorren larunbatean Eibarren azken garaipena lortzeko faborito nagusienetakoa.
Borako txirrindulariarekin batera Tadej Pogacar esloveniarra (UAE Emirates) heldu da, eta segundo batera Jakob Fuglsang daniarra (Astana) zein Adam Yates britainiarra (Mitchelton-Scott) iritsi dira.
Lau txirrindulari horiek gainerako guztiei nabarmendu zaizkie, helmugatik hiru kilometrora egon den Zaratamoko mendatean erasoari ekin eta gero. Ordurako, lasterketa aztoratuta zebilen, hiru kilometro aurrerago Astanako Ion Izagirrek, Alexey Lutsenkok eta Pello Bilbaok erorikoa izan baitute, bihurgune batean irrist eginda.
Sailkapen nagusian, Schachmannek 51 segundoko tartea dauka orain bigarren dagoen Patrick Konrad taldekidearekiko, eta 52 hirugarrena den Ion Izagirrerekiko (Astana). Ormaiztegiarra zortzigarren helmugaratu da gaurkoan, erorikotik azkar jaiki ahal izan baitu. Laugarren postutik aurrera dauden lehiakideak liderrarengandik minututik gorako atzerapenarekin daude: Daniel Felipe Martinezek (Education Firts) kolonbiarra 1:07ra dago; Daniel Martin (UAE Emirates) irlandarra, 1:08ra; eta Buchmann (Bora Hansgrohe) alemaniarra, 1:10era.
Alaphilippe eta Kwiatkowski, etxera
Egunean zehar hainbat izan dira lasterketa utzi duten txirrindulariak, tartean Julien Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) eta Michal Kwiatkowskik (Sky). Bata zein bestea Itzulia irabazteko faboritoen artean zeuden; aitzitik, hirugarren etapako erorikoak tartean harrapatu zituen, eta haren poderioz etxerako bidea hartu behar izan dute.
Ostiral honetako etapak, lasterketako bosgarrenak, sailkapen nagusiari begira gauzak asko argitzeko balio dezake. Txirrindulariak Arrigorriagatik atera eta Arrateko santutegira arte heldu beharko dira 149,8 kilometroko ibilbidean zehar, zazpi mendate zain zango dituztelarik. Horietako bi lehenengo mailakoak izango dira: Izua eta Usartza.
Schachmann:"Ez banu Itzulia irabaziko, ez litzateke porrot bat izango"
Maximilian Schachmann liderrak "oso motibatuta" egingo die aurre Itzulia amaitzeko falta diren bi etapei. Bere egoera "oso erosoa" da, bi taldekide baititu lehen seien artean sailkatuta. Dena dela, txirrindulari alemaniarraren esanetan, ez litzateke porrot bat izango larunbatean Eibarrera horiz jantzita ez amaitzea.
"Ez nuke porrot gisa hartuko, inondik inora. Lasterketa hasi orduko hiru etapa irabaziko nituela esan izango balidate, ez nukeen sinetsiko. Hobekuntza bidean dagoen txirrindularia naiz: 25 urte ditut eta 10 urte geratzen zaizkit lasterketak irabazten saiatzeko, eta orain nire helburua da daukadan sasoi on honi eustea klasikoetan lehiatzeko", azaldu du Borako taldekideak.
Hala ere, une honetan sailkapen nagusia irabazteko hautagai nagusiena denak iragarri duenez, elastiko horia eusten saiatuko da azken unera arte.
"Geratzen diren bi etapak arriskutsuenak dira, baina gaur igoera gogor bat egon da eta ondo gainditu ahal izan dut. Aurrean egon naiz onenekin. Ea zer gertatzen den datozen bi etapetan, baina ziur egon elastiko horia babestuko dudala", adierazi du.