Euskal Herriko Itzulia
Apirilaren 4tik 9ra
Quintana, Contador, Aru, 'Purito', Landa… Iritsi da ikuskizuna!
Agentziak | Erredakzioa
Ibilbide gogorra eta menditsua izango dute; 31 mendate bost egunetan. Lehia estua espero da, eta, ziurrenik, irabazlea azken eguneko erlojupekoan erabakiko da.
-
Alberto Contador eta Nairo Quintana, faborto nagusiak. Argazkia: Efe.
Alberto Contador eta Nairo Quintana izarren arteko lehia handiaren beste atal bat ikusiko da Euskal Herriko Itzulian. Baina madrildarra eta kolonbiarra ez dira lasterketako izar bakarrak, Joaquim 'Purito' Rodriguez iazko irabazlea eta Mikel Landa ere faboritoen artean baitaude.
Parte-hartzaileen artean, beste izen handi asko daude: Fabio Aru, Thibaut Pinot, Rui Costa, Robert Gesink, Warren Barguil, Dan Martin... Irlandarra Quintanarekin eta Contadorrekin izan da bukatu berri den Kataluniako Voltako podiumean.
Guztira, 20 talde lehiatuko dira Itzulian, eta zortzi txirrindulari izango du bakoitzak. Aurtengo edizioa astelehenean hasiko da, Etxebarrian, Amets Txurrukaren jaioterrian. Ibilbidea gogorra eta bihurria da, eta tranpa asko daude bertan, igoera txikiak baina oso gogorrak baititu.
31 mendate igoko dituzte lasterketaren lehen bost egunetan. Hala ere, benetan erabakigarria, seigarren eta azken jardunaldia izatea espero da: Eibarko erlojupekoa.
Etapak
1. Etxebarria/Markina-Xemein (144 kilometro, eta 8 mendate)
2. Markina-Xemein/Amurrio (Garrastatxu) (174,3 kilometro, 4 mendate, eta helmuga maldan gora)
3. Gasteiz/Lesaka (193,5 kilometro, eta 5 mendate)
4. Lesaka/Orio (165 kilometro, eta 6 mendate)
5. Orio/Arrate (159 kilometro, 8 mendate, eta helmuga maldan gora)
6. Eibar/Eibar (16 kilometro; erlojupekoa)
Azken urteetako irabazleak
2015: Joaquim 'Purito' Rodríguez
2014. Alberto Contador
2013: Nairo Quintana
2012: Samuel Sánchez
2011: Andreas Kloden
2010: Chris Horner
2009: Alberto Contador
2008: Alberto Contador