Euskal Herriko Itzulia
5. etapa
Euskal Herriko Itzulia: Garaipen handia, Joaquim Rodriguezentzat
Josu Bilbao
Erredakzioa
Txirrindulari katalanak Aiako lehen igoeran egin du erasoa bosgarren etapa irabaziz eta Valverdek lidergoa mantentzen du. Amets Txurruka Aiako jaitsieran erori egin da buruan bakarrik zegoelarik.
Joaquim Rodriguez katalanak iarabazi du Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapa, Aiako lehen igoeran urruneko erasoaldi bat egin eta gero. Katushako txirrindulariak arazo gabe gainditu du Aiako bigarren igoera eta bakar bakarrik sartu da helmugan Samuel Sanchez eta Valverderen aurretik. Azken hauek 14 segundura heldu dira, Horner bezala, eta horregaitik Valverdek lidergoa izaten jarraitzen du.
Aiako aldapa gogorrek ez dituzte hainbesteko aldeak sortu sailkapenean izan ere Valverdek eta Hornerrek segundu bateko aldea dutelako oraindik. Joaquim Rodriguezek sailkapen orokorreko hirugarren postua lortu du, Gesink ez baita gaurkoan ondo ibili eta urrezko segunduak galdu dituelako helmugan.Beñat Intxausti irabazlearengandik 20 segundora heldu da eta sailkapeneko bosgarren postua izaten jarraitzen du.
Amets Txurrukak bizi izan du etapa honetako alderik txarrena, izan ere, eguneko ihesaldian sartu eta lasterketa buruan bakarrik zegoelarik, erori egin da Aiako lehen jaitsieran. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak mendiko sailkapenean lehen postua izaten jarraitzen du, baina bere partaidetza bihar, zalantzan dago, klabikula puskatuta eduki ahal duelako.