Euskal Herriko Itzulia
Apirilaren 7tik aurrera
Beñat Intxausti: 'Podiumean berriro egoteko mentalitatearekin nator'
Erredakzioa
Zornotzakoa Alejandro Valverderekin batera agertu da hedabideen aurrean. Valverderen ustez, aurtengo ibilbidea "gogorra" da. Alberto Contadorrek, berriz, "lasterketa ederra" egitea espero du.
-
Beñat Intxausti. Argazkia: Efe.
Beñat Intxaustik Euskal Herriko Itzulian dituen erronkak aipatu ditu ostiral honetan: "Podiumera itzultzeko beharrezko mentalitatearekin nator, baina oso zaila izango da, aurkari asko eta oso onak daudelako".
"Erlojuaren kontrako etapa ondo ezagutzen dut, etxetik gertu daukat. Gustuko dut, ez du atsedenik. Sasoian egoteko erlojuaren kontrakoa da; podiuma bertan erabakiko da".
Valverde: 'Ibilbidea gogorra iruditzen zait"
Alejandro Valverdek garaipena lortu nahi du. Murtziako txirrindulariak urte bikaina darama, eta Euskal Herriko Itzulia WorldTour-eko lehen proba izango da, orain arte klasikoak bakarrik lehiatu dituelako.
Valverde Beñat Intxaustirekin eta Eusebio Unzuerekin izan da Donostiako prentsaurrekoan. Murtziarrak ibilbidea izan du hizpide: "Zenbait etapa ikusi ditugu eta ibilbidea oso gogorra iruditu zait, Euskal Herrian izan ohi den bezala. Lasterketa honetan zuhur ibili behar duzu eta aurreko aldean egon beti. Oso exijentea da".
Contador: "Lasterketa ederra egin nahi dut"
Alberto Contador da Itzulia irabazteko beste faboritoetako bat. Tinkoff-Saxo taldeko liderrak argi hitz egin du: "Lasterketa ona egin nahi dut. Jakin badakit aurkari handiak daudela. Ondo nago, ilusioarekin. Lasterketa honek gauza asko eman dizkit eta oroitzapen oso onak dauzkat".
Madrildarraren ustez Markina-Xemeingo etapa, azkena, erabakigarria izango da, eta proba irabazteko aurreko egunetan eraso egin beharko du.