Euskal Herriko Itzulia
3. etapa
Henaok irabazi du Lejanan, Betancurren aurretik, eta lider jarri da
Erredakzioa
Kolonbiako txirrindularien arteko borroka estua izan da Larreinetako igoera. Sky taldekoa izan da indartsuena, eta Caruso eta Betancur harrapatu ditu. Lider berria da Henao.
Sergio Luis Henao izan da indartsuena Lejanako igoeran, Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako helmugan (Gasteiz - Trapagaran). Sky taldeko txirrindulariaren bi erasoak, azken bi igoeretan, eguneko mugimendu erabakigarrienak izan dira, eta liderraren maillota eman diote Kolonbiakoari. Henaorekin batera helmugaratu da Carlos Alberto Betancur (AG2R La Mondiale), Kolonbiako bi txirrindularien arteko borroka estu batean.
Lejanako igoeran jotako bi erasoei amaiera bikaina eman die Henaok. Lehenengo erasoa, helmugarako 3,5km falta zirenean, eguneko txirrindulari indartsuenak hautatu ditu. Kolonbiarraren atzetik hamar txirrindulariz osatutako taldetxoa joan da. Tartean Nairo Quintana (Movistar), Alejandro Contador (Saxo Bank-Tinkoff), Giampaolo Caruso (Katiuxa), Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Caruso eta bere taldeko liderra, Richie Porte. Bi aldapen arteko ordekan, Betancurrek eta Carusok jo dute erasoa, eta atzeko txirrindulariekin tartetxoa ireki dute.
Henaoren bigarren erasoa azken kilometroan izan da. Bi iheslariak harrapatu eta, azken momentuan, Caruso gainditu ere egin du. Porte eta Contador irabazlearen erasoa jarraitu dute, baina azkenean horien aurretik helmugaratu dira Caruso, hirugarrena, Quintana eta Diego Ulissi (Lampre-Merida).
Caja Rural taldeko Amets Txurruka eta Omar Fraile, eta Euskaltel-Euskadiko Mikel Landa izan dira eguneko ihesaldiaren euskal txirrindulariak. Horiekin batera, Dani Navarro (Katiuxa) eta Romain Bardet (AG2R La Mondiale) ibili dira. Tropelaren aurretik igo ditu boskoteak etapako igoerak, baina 10 kilometroren faltan harrapatu du talde handiak. Etxebarriko txirrindulariak ihes eginda egiten duen hirugarren etapa da, errenkan, eta mendiko maillota ziurtatu du berriro.
Etapako sailkapena:
1. Sergio Luis Henao (SKY) 3:54:22
2. Carlos Alberto Betancur (ALM) d.b.
3. Giampaolo Caruso (KAT) 5''-ra
4. Nairo Alexander Quintana (MOV) 8''-ra
5. Diego Ulissi (LAM) 10''-ra
6. Richie Porte (SKY) 10''-ra
7. Alberto Contador (TST) 10''-ra
8. Simon Spilak (KAT) 10''-ra
9. Igor Anton (EUS) 16''-ra
10. Samuel Sanchez (EUS) 21''-ra
Sailkapen orokorra:
1. Sergio Luis Henao (SKY) 12:24:26
2. Nairo Alexander Quintana (MOV) 8''-ra
3. Richie Porte (SKY) 10''-ra
4. Alberto Contador (TST) 10''-ra
5. Giampaolo Caruso (KAT) 10''-ra
6. Simon Spilak (KAT) 10''-ra
7. Jacob Fulgsang (AST) 21''-ra
8. Pieter Weening (OGE) 21''-ra
9. Jose Herrada (MOV) 21''-ra
10. Carlos Alberto Betancur (ALM) 21''-ra