6. Etapa
Apirilak 12, larunbata
2025eko Euskal Herriko Itzuliko 6. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Eibar-Eibar (153,6 km)
EITB MEDIA
Zazpi mendate igo beharko dituzte ziklistek, tartean 1. mailako hiru. Etapako lehen zatian, Krabelin izango da, eta antolatzaileek nabarmendu dute igoera hori "izugarri latza" izango dela. Trabakua bi aldiz igoko dute, eta, 2024an ez bezala, ez dute Gorla igoko, baina Karabieta bai.
-
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 6. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.
Eibarko Unzaga plazan hasi eta amaituko da 2025eko Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etapa, apirilaren 12an, larunbatez, txirrindularitzako zaleek gorriz azpimarratuta duten egun batean. Jardunaldiak 153,6 kilometroko ibilbidea izango du, eta horietan, guztira, zazpi mendate igoko dituzte, tartean 1. mailako hiru: Azurki, Krabelin eta Izua. Itzuliaren antolatzaileen esanetan, etapa "bizia" izango da; egun honetan jakingo dugu nork janzten duen sailkapen nagusiko irabazlearentzako txapela, eta argi dago hori lortu nahi duenak gogor ibili beharko duela, ibilbideak hala eskatuko baitu.
Testuinguru horretan, eguna Gipuzkoan eta Bizkaian emango dute txirrindulariek. Etapa Eibarren hasiko da, 13:31n, eta berehala izango dira zailtasunak: 13,5. kilometroan, 3. mailako Elkorrieta igoko dute, eta jarraian Azurki, 1. mailakoa azken hori, 24,9. kilometroan. Azurkik 5,1 kilometro ditu, eta, batezbeste, % 7,4ko malda. Elgoibar atzean utzita, Itzuliak Krabelin igoko du; antolatzaileen esanetan, dute igoera hori "izugarri latza" izango da: "Etaparen hasieran egongo da" Krabelin, nabarmendu du Itzuliak, "eta, beraz, urruneko eraso bat gerta liteke, txapela eskuratzeko". Krabelinek % 9,6ko malda du, eta 107 kilometro daude bertako pankartatik Eibarko helmugaraino; beraz, mendate horretan erasoa jotzeko, sasoi oso betean egon behar dira ziklistak… eta, halaber, oso ausartak izan behar dira.
Markina-Xemein izango da proba gerora, eta aurrenekoz igoko dute Trabakua 3. mailako mendatea, ondoren, 68,7. kilometroan. Batezbeste, % 7,1eko malda du; hortaz, mendate gogorra da. Karabieta, 2. mailakoa bera, 6,6 kilometroko mendatea da, % 6,7an. 109,4. kilometroan, Eibarren, etapako lehenengo esprint berezia jokatuko dute; jarraian, 1. mailako Izua igoko dute txirrindulariek, eta eguneko bigarren esprint berezia izango da jokoan, Markina-Xemeinen, aurtengo Itzuliko azkena, 126,7 kilometroan.
135,4. kilometroan, Trabakua bigarrenez igoko dute, eta horixe izango da 2025eko Itzuliko azken mendate puntuagarria, ziklistentzat. Helmugaraino, beste 18 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, probako 64. ekitaldiko azkenak. Azken urteotan ere jazo denez, Itzulia Eibarren amaituko da, eta bertan jakingo dugu nork eskuratzen duen garaipena sailkapen nagusian. Aurreikuspena da lasterketa 17:19tik 17:42ra bitartean bukatzea.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 6. etapa (apirilak 12)
Ibilbidea: Eibar - Eibar
Distantzia: 153,6 km
Hasiera-ordua: 13:31
Amaiera-ordua: 17:42 (38 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:19 (42 km/h)
Goranzko desnibel metatua: 3.584 metro
Mendiko saria: Elkorrieta (3. mailakoa), 13,5. kilometroan; Azurki (1. mailakoa), 24,9. kilometroan; Krabelin (1. mailakoa), 46,6. kilometroan; Trabakua (3. mailakoa), 68,7. kilometroan; Karabieta (2. mailakoa), 88,2. kilometroan; Izua (1. mailakoa), 115,6. kilometroan; Trabakua (3. mailakoa), 135,4. kilometroan.