5. Etapa
Apirilak 11, ostirala
2025eko Euskal Herriko Itzuliko 5. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Urduña-Gernika-Lumo (172,4 km)
EITB MEDIA
Eguna Gernika-Lumon amaituko da, alegia, Pello Bilbaoren jaioterrian; Bahrain-Victorious taldeko txirrindulariak ibilbidea diseinatzen parte hartu du. Lau mendate puntuagarri igoko dituzte, 3. mailakoak denak.
-
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapa apirilaren 11n jokatuko dute, ostiralez. Jardunaldia Urduñan hasiko da, eta Gernika-Lumon amaitu, eta 172,4 kilometroko ibilbidea izango du. 64. Itzuliaren azken-aurreko etapan lau mendate puntuagarri igoko dituzte, 3. mailakoak guztiak, eta, azken zatian, antolatzaileen iritziz, "zenbait eremutan, ongi kokatzen jakin beharko dute txirrindulariek, etapa lortu nahi badute". Tropela 13:03an hasiko da lanean, eta 17:17tik 17:43ra bitartean amaitu.
Lasterketa Urduñan hasiko da, eta tropelak berehala ekingo dio eguneko aurreneko mendateari: "Las Campas" izango da hori, 18,3. kilometroan. 3. mailako mendate hori laburra da, 1,4 kilometro baititu, baina gogorra ere bai, kontuan izanik batez besteko malda % 8,2koa duela. Jarraian, Amurrioko eta Laudioko zaleak irtengo dira kalera, Itzuliko txirrindulariei harrera egin eta horiek txalotzeko asmoz; nabarmentzeko modukoa da 2022an Pello Bilbao Bahrain-Victoriouseko txirrindulariak garaipen handia eskuratu zuela Laudion hasi eta Amurrion amaitu zen etapa batean. Pello Bilbao gernikarrak aurtengo bosgarren etapa diseinatzen parte hartu du, gainera.
60. kilometrotik 104,5. kilometrora bitartean, ziklistek 3. mailako hiru mendate igo beharko dituzte: Sarasola, Aretxabalgana eta Errigoiti. Azken mendate hori jaitsita, Arteagan, esprint berezia izango da, 115,7. kilometroan, eta Foruan, 151,8.ean, Akordan eta Nabarnizen izan ostean, eguneko bigarren esprint berezia jokatuko dute. Nabarmentzeko modukoa da, ohi bezala, eta sailkapen nagusia estu-estu izanez gero, balitekeela esprint berezietan jokoan jarritako segundoak erabakigarriak izatea, sailkapen nagusirako lehian.
Gernika-Lumon ebatziko da etapa nork irabaziko duen; halaber, bertan jakingo dugu zein txirrindularik jantziko duen maillot horia, soilik azken etapa gelditzen dela.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 5. etapa (apirilak 11)
Ibilbidea: Urduña – Gernika-Lumo
Distantzia: 172,4 km
Hasiera-ordua: 13:03
Amaiera-ordua: 17:43 (38 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:17 (42 km/h)
Goranzko desnibel metatua: 2.963 metro
Mendiko saria: "Las Campas" (3. mailakoa), 18,3. kilometroan; Sarasola (3. mailakoa), 60. kilometroan; Aretxabalgana (3. mailakoa), 90,7. kilometroan; Errigoiti (3. mailakoa), 104.5. Kilometroan