Itxi

4. Etapa

4. Etapa

4. Etapa

Apirilak 10, osteguna

2025eko Euskal Herriko Itzuliko 4. etaparen profila, ibilbidea, ordutegia: Beasain-Markina-Xemein (169,6 km)

EITB MEDIA

Parte-hartzaileek zazpi mendate igo beharko dituzte, tartean 1. mailako Izua, azken hori eguneko azken kilometroetan. Igoera horren gainean, hala diote antolatzaileek: "Hor erabakiko da, zalantzarik gabe, etapako garailea, eta sailkapen nagusiak ere aldeak izango dira".

  • 2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

    2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

Apirilaren 10ean, ostegunez, 2025eko Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa jokatuko dute. Beasainen hasiko da, gerora Bizkaian sartu, berriro ere Gipuzkoara bueltatu, eta Bizkaian bukatuko da, Markina-Xemeinen. 64. Itzuliaren laugarren jardunaldiko ibilbideak 169,6 kilometro izango ditu, eta txirrindulariek mendiko sailkapenerako puntuagarriak diren zazpi mendate igo beharko dituzte; horietako bat, helmugarako hamar kilometro baino pixka bat gehiago geldituko direla igoko dute, 1. mailako Izua da. Maila horretako lehenengoa da, aurtengo ekitaldian, eta antolatzaileek hauxe diote horren gainean: "Hor erabakiko da, zalantzarik gabe, etapako garailea, eta sailkapen nagusiak ere aldeak izango dira". Tropela 13:03an hasiko da lanean, eta irabazleak 17:17tik 17:43ra bitartean altxatuko ditu besoak, helmugako pankartapean.

Hala, Itzuliak, Beasain atzean utzita, Zumarragan, Udanan eta Oñatin izango da, eta, ondoren, etapako lehenengo mendatea igoko dute ziklistek: 3. mailako Asentzio da hori, eta 44,2. kilometroan dago kokatuta. Orduan hasiko dira txirrindulariak Bizkaiko errepideetan barrena; Berrizetik igarota, Muniketa igoko du lasterketak. Hori ere bada 3. mailakoa da; hurrengo 45 kilometroetan, guztira, 3. mailako beste lau mendate gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek: Bizkaiko Behatokia, Orontzugarai, Lekoitzegane eta Merelludi. Muniketa ere kontuan izanik, horiek denak 72,3. kilometrotik 117,4. kilometrora bitartean izango dira.

129,6. kilometroan, eguneko aurreneko esprint berezia jokatuko dute; Mutrikun egingo dute, Mijoan. Hogei kilometroren buruan, Elgoibarren, Sigman, bigarrena izango da. Eta, jarraian, Izuarako igoerari ekingo diote; 1. mailako mendate horretan, txirrindulariek 3,5 kilometroko igoera egin beharko dute, eta batez besteko malda % 10,6koa du, baina, adi, Itzuliaren antolatzaileek hauxe nabarmentzen baitute: "Igoera ez da errepide orokorretik edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo; aldiz, Matsaria industrialdetik joango da, baserri artean doan eta % 20ko maldak dituen errepide oso estu batetik".

Izuak helmugarako hamaika kilometro gelditzen direla du pankarta, eta hori igota, txirrindulariak, azkar-azkar jaitsita, Markina-Xemeinen izango dira, etapa jokatzeko. Bizkaiko herri horretan erabakiko da nor den 64. Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapako irabazlea.

ETAPAKO PROFILA

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 4. etapa (apirilak, 10)

Ibilbidea: Beasain – Markina-Xemein

Distantzia: 169,6 km

Hasiera-ordua: 13:03

Amaiera-ordua: 17:43 (38 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:17 (42 km/h)

Goranzko desnibel metatua: 2.881 metro

Mendiko saria: Asentzio (3. mailakoa), 44,2. kilometroan; Muniketako gaina (3. mailakoa), 72,3. kilometroan; Bizkaiko Behatokia (3. mailakoa), 80,9. kilometroan; Orontzugarai (3. mailakoa), 87,8. kilometroan; Lekoitzegane (3. mailakoa), 98,9. kilometroan; Merelludi (3. mailakoa), 117,4. kilometroan; Izua (1. mailakoa), 158,6. kilometroan.