3. Etapa
Apirilak 9, asteazkena
2025eko Euskal Herriko Itzuliko 3. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Zarautz-Beasain (156,3 km)
EITB MEDIA
Zazpi mendate puntuagarri izango dira; horietako bat, Santa Ageda, 2. mailakoa da. Etapa Gipuzkoan jokatuko dute, eta oso gorabeheratsua izango da; Itzuliak berak adierazi duenez, "seigarrenarekin batera, etapa nagusia izan liteke".
-
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren etapa apirilaren 9an jokatuko dute, asteazkenez. Gipuzkoan izango da etapa, osorik, Zarautzen hasita eta, 156,3 kilometro eginda, Beasainen amaituta. Itzuliaren antolatzaileen iritziz, 64. ekitaldiko "etapa nagusia" izan liteke, azkenarekin batera; izan ere, ibilbidean mendiko sailkapenerako zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek, eta horietako bat, Santa Ageda, 2. mailakoa izango da. Ziklistak 13:27an abiatuko dira, eta 17:18tik 17:42ra bitartean amaitu.
Ibilbidea oso gorabeheratsua izango da, hasieratik. Parte-hartzaileak, Zarautzetik irten ostean, Zumaian izango dira, eta 3. mailako Meagari egin beharko diote aurre, 16,1. kilometroan. 38,9. kilometroan, Aia atzean utzita, Andatzarrate dago, 3. mailakoa hori ere; Andatzarrate ez da gogorra, batez beste % 2,6ko malda baitauka, baina luze-luzea da, 13,9 kilometro dituelako.
Itzuliak, jarraian, Alkiza igoko du, 3. mailakoa hori ere, eta bertatik Santa Agedarantz egingo du. Santa Agedako pankarta lasterketako 68,8. kilometroan dago; aurtengo Itzulian, 2. mailako lehenengo mendatea da. % 6,9ko malda du, batez beste, eta igoera bederatzi kilometrokoa da.
Ziklistak Mandubian izango dira (azken hori ere 3. mailakoa da), eta gero Ormaiztegin, hau da, Jon eta Gorka Izagirreren sorterrian; zaleek ondo baino hobeto dakitenez, Gorka Izagirrek aurreko denboraldiaren amaieran utzi zion txirrindulari profesionala izateari. Ondoren, 111. kilometroan, etapako aurreneko esprint berezia izango da jokoan, Beasainen; hortxe bertan, 45 kilometroren buruan, amaitu egingo da etapa.
Esprint berezi horren ostean, Gaintza igoko dute. 3. mailako mendatea da, laburra, kontuan izanik 2,2 kilometro dituela, baina oso gogorra: batez beste, % 12,1eko malda dauka, baina % 20rainoko maldaren bat badu. Alegian jokatuko dute bigarren esprint berezia, Lazkaomendirako igoerari ekin aurretik. Gaintza bezala, Lazkaomendi 3. mailako mendatea da, laburra (1,4 kilometrokoa), baina biziki gogorra: batez beste, % 10eko malda du, eta zati batzuetan % 18rainoko malda ere badauka. Jardunaldiko zazpigarren eta azken mendatearen pankarta helmugarako bost kilometro eta erdira dago.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 3. etapa (apirilak, 9)
Ibilbidea: Zarautz - Beasain
Distantzia: 156,3 km
Hasiera-ordua: 13:27
Amaiera-ordua: 17:42 (38 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:18 (42 km/h)
Goranzko desnibel metatua: 3.035 metro
Mendiko saria: Meaga (3. mailakoa), 16,1. kilometroan; Andatzarrate (3. mailakoa), 38,9. kilometroan; Alkiza (3. mailakoa), 49,8. kilometroan; Santa Ageda (2. mailakoa), 68,8. kilometroan; Mandubia (3. mailakoa), 87,5. kilometroan; Gaintza (3. mailakoa), 119,4. kilometroan; Lazkaomendi (3. mailakoa), 150,9. kilometroan