2. Etapa
Apirilak 8, asteartea
2025eko Euskal Herriko Itzuliko 2. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Iruñea-Lodosa (199,8 km)
EITB MEDIA
Lasterketako 64. ekitaldiko etaparik luzeena da, eta Nafarroan jokatuko dute, osorik. Mendate puntuagarri bakarra du, 3. mailakoa, La Oliva, jardunaldiko lehen zatian; ondorioz, baliteke irabazlea esprintean erabakitzea.
-
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren 2. etapako profila. Irudia: Euskal Herriko Itzulia.
2025eko Euskal Herriko Itzuliaren bigarren etapa apirilaren 8an jokatuko dute, asteartez, Iruñean hasiko da eta Lodosan amaitu, eta 199,8 kilometroko ibilbidea du. Aurtengo ekitaldiko etaparik luzeena da, eta Nafarroan zehar egingo dute, oso-osorik. Jardunaldia 12:35ean hasiko da, eta aurreikuspena da irabazleak 17:17tik 17:44ra bitartean amaitzea lana.
Testuinguru horretan, txirrindulariek, Foru Erkidegoko hiriburua atzean utzita, Artaxoarantz abiatuko dira, eta Tafallara gerora. Hortik, lasterketak La Oliva mendaterako norabidea hartuko du. Mendate horretako pankarta etapako 56,6. kilometroan izango dute ziklistek; 4,9 kilometroko igoera da, eta, batezbeste, % 4,6ko malda du.
Martzillan eta Carcarren gozatu ahalko dute txirrindulariekin, eta tropela, jarraian, Lodosan izango da, alegia, etapa amaituko den udalerrian. Helmugako pankartapean bertan, ziklistek aurtengo Itzuliko lehenengo esprint berezia jokatuko dute; hori 137,7. kilometroan egingo dute, eta handik gutxira, 159,2.ean, Sesmatik igaro eta gero, Allon jokatuko dute eguneko bigarren eta azken esprint berezia.
Itzuliko antolatzaileek aurreikusita dutenez, esprinterrentzako eguna izan liteke; egia esan, etapako azken zatia laua da, hau da, esprinterren taldeek lasterketa kontrolpean izateko moduko ibilbidea da. Lodosan argituko dira zalantza guztiak, arestian esan bezala probako bigarren etapa bertan bukatuko baita.
ETAPAREN PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 2. etapa (apirilak 8)
Ibilbidea: Iruñea - Lodosa
Distantzia: 199,8 km
Hasiera-ordua: 12:35
Amaiera-ordua: 17:44 (40 km/h) | 17:30 (42 km/h) | 17:17 (44 km/h)
Goranzko desnibel metatua: 2.016 metro
Mendiko saria: La Oliva (3. mailakoa), 56,6. kilometroan