Itxi

Surf-a

Eskari formala

Euskal Federazioak Nazioarteko Surf Elkarteko kide izatea eskatu du

Agentziak | Erredakzioa

Ekimenaren helburua 2005era arte nazioartean izan zuen kategoria eta eskubideak berreskuratzea da. Eskari honek datozen hilabeteotan jasoko du erantzuna.

1:16

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) nazioarte mailan ofizialtasuna berreskuratzeko eta Nazioarteko Surf Elkarteko (International Surfing Association, ISA) kide izateko eskari formala egin du. Ekimenaren helburua 2005era arte nazioartean izan zuen kategoria eta eskubideak berreskuratzea da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jakinarazi duenez, EHSFko presidenteorde eta Gipuzkoako Surf Federazioko presidentea, Maialen Saez, Kalifornian izan da eskari ofiziala aurkezteko. Aldeko erantzuna jasoz gero, euskal selekzioa ordezkaritza propioarekin lehiatuko da ISAk antolatzen dituen mundu mailako txapelketetan.

"EHSFk 1990. urtean Europako Federazioan zuen nazioarteko posizioa berreskuratzeko lehen pauso bat da. Hamabost urtez mantendu genuen izaera ofizial hori, harik eta 2005. urtean Espainiako Surf Federazioa (FES) Europako Federazioko kide bilakatu zen arte", adierazi du Saezek.

EHSFk 2017ko abenduan egin zuen bileran ISAri eskari hau egiteko erabakia onartu zen, eta kirol eta kultura izaerako aldarrikapen bat dela nabarmendu du Maialenek: "Xedea da surflari profesionalak babestea eta sustatzea, bai eta munduko txapelketetan euskal selekzioa defendatzeko aukera ematea ere".

JAURLARITZAREN BABES OSOA

Euskal surfak historikoki izan duen nazioarteko bokazioa oinarri, Jaurlaritzak babes osoa eman dio nazioartean ordezkaritza propioa izateko aldarrikapenari.

Gainera, Jon Redondok, Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, EHSFk egindako aurrerapena babestu du: "Gure federazioen eta, bere kasuan, gure selekzioen nazioarteko aitortza ofiziala posible da zenbait kiroletan. Surfa horietako bat da, ISAk Euskadiren ezaugarri berdintsuak dituzten lurralde askotako federazioak onartu baititu. Eskariak baiezko ebazpena izatea espero dugu, baina horrela ez bada, ekin eta ekin jarraituko dugu EHSFren bidaide izanaz hasi duen bide honetan".

Eskari honek datozen hilabeteotan jasoko du erantzuna.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kirolak
  • Surfa