Itxi

Saskibaloia

Erregina Kopa

Lointek Gernikak ezin izan dio eutsi lortutako aldeari Spar Gironaren aurka, eta Kopatik at gelditu da (71-68)

EITB MEDIA

Lucas Fernandezen jokalariek hamaika puntu aldea zuten, 45-56, hirugarren laurdenean, baina Kataluniako taldea suspertu egin da, eta, azkenean, garaipena lortu du, eta finalaurrekoetarako sailkatu da.

0:41

Lointek Gernika 2024-25 denboraldiko Erregina Kopatik kanpo gelditu da, final laurdenetako kanporaketan, Spar Gironaren aurka 71-68 galduta, Principe Felipe pabiloian, Zaragozan, ostegunean. Lucas Fernandezen jokalariak hamaika puntuz ari ziren gailentzen hirugarren laurdenean, 45-56, baina Kataluniako taldea suspertu egin da, eta, azkenean, garaipena lortu du, eta finalaurrekoetarako sailkatu da.

Lointek Gernikak, hala, bikain jokatu du lehenengo zatian. Lucas Fernandezen jokalariak euren maila erakusteko prest kantxaratu dira, Kopan jarraitzeko asmoz. Lehen laurdenean, 17-17 amaitu dira, eta bigarrenean Bizkaiko taldea ia ezin hobeto aritu da. Atsedenaldian, euskal taldea 35-43 ari zen gailentzen, eta horrek islatu egiten zuen Principe Felipe pabiloiko kantxan ikusten ari zena. Lointek Gernika oso ondo ari zen erasoan jokatzen, eta defentsan estutzen; Awa Fam Thiam eta Irati Etxarri izan dira, aurreneko hogei minutuetan, Lointek Gernikako baliabiderik onenak saskiratzeak sartzeko. Lehen zatia amaituta, Gernikako taldea ilusioz eta itxaropenez beteta zebilen.

Hirugarren laurdenean, Lointek Gernikak eutsi egin dio maila onari, seigarren minutura arte. Une horretan, Lucas Fernandezen jokalariak hamaika puntuz ari ziren nagusitzen, 45-56. Spar Girona, orduan, suspertu egin da. Bibbyk gidatuta, 14-1eko partziala sinatu du, hirugarren laurdeneko amaierara arte; hortaz, Kataluniako taldeak bi puntuko aldea zuen, azken hamar minutuak gelditzen zirela.

Azken zati horretan, emozio handia izan da. Gironak lortutako alde txikiari eutsi dio, eta garaipena eskuratu du, baina Lointek Gernikak ez du amore eman, eta azken segundora arte izan da borrokan. Azken jokaldian, Kataluniako taldea 71-68 irabazten ari zela, Ane Olaeta hiruko bat sartzen saiatu da; baloia barrura sartu izan balitz, luzapena izango zen, baina ez da hala gertatu, eta euskal taldea Kopatik at gelditu da, finalaurrekoetarako txartela eskuratzetik oso gertu izan bada ere.

Fitxa teknikoa

71 - Spar Girona (17+18+24+12): Lundquist (12), Tate (4), Canella (-), Bibby (21), Mack (9) -hasierako bostekoa- Guerrero (-), Ygueravide (6), Pierre-Louis (4), Ainhoa López (2), Ribas (-), Toure (8) eta Hristova (5).

68 - Lointek Gernika Bizkaia (17+26+14+11): Ariztimuño (3), Westerik (12), Chery (11), Dodson (7), Fam (13) -hasierako bostekoa- Buenavida (6), Olaeta (4) eta Etxarri (12).

Epaileak: Ariadna Chueca, Antonio Manuel Zamora eta Jose Carlos Sierra.

Nabarmentzekoa: giro bikaina, Zaragozako Principe Felipe pabiloian, Erreginare Kopako final laurdenetako lehenengo kanporaketan.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • AL.
  • AS.
  • AZ.
  • OG.
  • OR.
  • LR.
23 Zuzenean 17:05 - 20:00 PILOTA | Buruz Burukoaren atarikoa: Mata vs Murua
23 Zuzenean 18:00 - 20:30 EHF EUROPA LIGA | Final-laurdenak: Super Amara Bera Bera vs HSG Blomberg-Lippe

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…