Itxi

Saskibaloia

NBA

Boston Celtics 6.100 milioi dolarren truke erosi dute, AEBn inoizko zenbatekorik handiena ordainduta

EITB MEDIA

Bill Chisholm enpresariak akordioa itxi du Grousbeck familiarekin, alegia, frankiziaren jabeekin, horretako gehiengoaren partizipazioa erosteko.

  • Sam Hauser, Boston Celticseko partida batean. Argazkia: EFE.

    Sam Hauser, Boston Celticseko partida batean. Argazkia: EFE.

Bill Chisholm enpresariak akordioa egin du Grousbeck familiarekin, alegia, NBAko Boston Celtics taldearen jabeekin, frankiziaren gehiengoaren partizipazioa erosteko, 6.100 milioi dolarren truke.

Zifra hori errekorra da Ameriketako Estatu Batuetan, taldeetako erosketei erreparatuta. Orain arteko marka 2023an ezarri zuten, NFLko Washington Commanders taldea erosteko 6.050 milioi ordainduta. Hala dute jasota The Boston Globe eta ESPN hedabideek. Gainera, alde handiz gainditu ditu NBAn izandako azken salmentak: 2023an, 4.000 miloi dolar ordainduta erosi zuten Phoenix Suns, eta, urte horretan bertan, 3.500 bat milioi dolar ordainduta erosi zituzten Milwaukee Bucks eta Dallas Mavericks. 

Chisholm enpresaria da, Kaliforniakoa; Symphony Technology Group kapital pribatuko enpresaren jabea da. Massachusettsen hazi zen, eta Celticsen zalea da. Grousbeck familiak 2002an erosi zuten Boston Celtics, ia 360 milioi dolar ordainduta.