Saskibaloia
Eurokopa
IDK Euskotrenek ezin izan du Dinamo Sassariri irabazi (71-83), eta Eurokopatik kanpo gelditu da
EITB MEDIA
Azu Muguruzaren taldeak, final laurdenetarako sailkatzea eskuratzeko, hamar puntuko aldea irauli behar zuen, baina, itzuliko partidan ez du aukerarik izan; Dinamo Sassari gehiago izan da.
-
IDK Euskotreneko jokalari batzuk, partidako une batean. Argazkia: EITB Media.
IDK Euskotren 2024-25 denboraldiko Eurokopatik kanpo gelditu da, asteazken gauean, final zortzirenetako kanporaketan, Dinamo Sassariren aurka, galdu egin baitu. Kanporaketa horretako itzuliko partidan, Gascan, Sardiniako taldea 71-83 nagusitu da, eta emaitza horrek, joaneko neurketako 60-50ekoarekin batera, txapelketatik at utzi du Donostiako taldea.
Hala, IDK Euskotrenek hamar puntuko aldea iraultzeko erronka zuen, baina ezin izan du. Dinamo Sassarik kontrolpean izan du kanporaketa, Donostian jokatutako itzuliko norgehiagokan, eta ez dio aukerarik utzi Azu Muguruzaren taldeari.
Atsedenaldian, Dinamo Sassari, bigarren laurdenean oso ondo arituta, hamaika puntuz ari zen gailentzen, eta oso gertu zuen sailkatzea, beraz. Donostiako taldea, hirugarren laurdenean, ahalegindu da suspertzen, eta lau puntura jarri da, baina kanpokoen erantzuna egokia izan da, eta ez du aurrera egiterik izan.
IDK Euskotreni, testuinguru horretan, amaitu egin zaio Eurokopa, 2024-25 denboraldian; hori bai, inoizko ondoen ibili da Gipuzkoako taldea nazioarteko txapelketan.
Fitxa teknikoa
71 - IDK Euskotren (17+21+13+20): Roso Buch (13), Cornelius (11), Becky Massey (4), Claessens (11), Pendande (10) -hasierako bostekoa- Halvarsson (6), Lara Gonzalez (2), Alba Prieto (8), Becker (6), Mbulito.
83 - Dinamo Sassari (20+29+13+21): Gonzales (14), Carangelo (16), Toffolo (13), Taylor (27), Diallo (4)-hasierako bostekoa- Grattini, Spiga, Natali (4), Nieddu, Pastrello (5).
Epaileak: Petr Hrusa, Bogna Podkowinska eta Gavin Williams.
Nabarmentzekoa: giro ona Gascan, Eurokopako final zortzirenetako partida honetan.