Saskibaloia
EUROCUP WOMEN
IDK Euskotrenek 10 puntu irauli beharko ditu Sassariren aurka, Europan jarraitzeko (60-50)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azu Muguruzaren taldeak emaitza gaizto bati egin beharko dio aurre astebete barru Gascan jokatuko den itzulerako partidan.
-
Alba Prieto saskiratze bat lortu nahian, Sassariren aurka. Argazkia: IDK Euskotren
IDK Euskotreni zaildu egin zaio Eurokopako final-laurdenetara sailkatzea; izan ere, 10 puntugatik (60-50) galdu du asteazken honetan, Dinamo Sassariren aurka final-zortzirenetako joaneko neurketan. Gipuzkoako taldea kamuts aritu da erasoan, eta askoz zorrotzago jardun beharko du datorren asteazkenean jokatuko den itzuliko lehian.
Lehen laurdena bizi hasi da bi aldeetatik. Tarte horretan Muguruzaren jokalariek Laura Cornelius azken fitxaketa izan dute gidari, eta Antonello Restivoren jokalariek, berriz, Taylor estatubatuarra izan dute eraginkorrena.
Partida parekatuta joan da, baina bigarren laurdeneko azken minutuetan, Sassarik, 5-0eko partzialarekin, markagailuan zortzi puntuz alde egitea erdietsi du. Alabaina, berehala heldu da IDKren erantzuna Pendanderen eta Masseyren minutu onei esker, eta neurketa orekatuta iritsi da atsedenaldira (34-33).
Norgehiagokak berdinduta jarraitu du hirugarren laurdenean, baina Gonzalesek jarraian sartutako bi hirukori esker neurketako ekimena berreskuratu du Sassarik. Aitzitik, IDK Euskotrenek, bere minuturik onenekin, aurkaria estutu du berriro. Tarte horretan Claessen eta Lara Gonzalez nabarmendu dira IDKren aldetik (49-46).
Azken laurdena ez da ondo hasi Donostiako taldekoentzat, baina errentak ez ziren bost puntutik gorakoak etxekoen alde, eta dena zegoen erabakitzeke. Sassarikoak finago ibili dira azken uneetan, eta IDKren hutsak baliatu dituzte euren aldeko tartea 10 punturaino zabaltzeko.
Fitxa teknikoa:
60 - Dinamo Sassari: Gonzales (16), Carangelo (19), Toffolo (4), Taylor (15) eta Diallo (4) —hasierako bostekoa— Grattini, Spiga, Natali, Nieddu, Pastrello (2).
50 - IDK Gipuzkoa: Rosó Buch (3), Cornelius (4), Becky Massey (9), Claessens (6), eta Pendande (12) —hasierako bostekoa— Halvarsson, Lara Gonzalez (4), Alba Prieto (6), Becker (6), Mbulito.
Epaileak: Koyici, Lapanovic eta Perlic.
Partzialak: 21-16; 34-33 (atsedenaldia); 49-46; 60-50 (amaiera).