Itxi

Saskibaloia

Emakumezkoen endesa Liga

Kutxabank Araskik irabazi du Oses Ardoiren aurkako derbia (86-91)

EITB MEDIA

Garaipenarekin, behin-behinean, 14. postuan dago Made Urietaren taldea. Nafarroako taldeak azken postuan jarraitzen du.

  • Araskiko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EITB Media

    Araskiko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EITB Media

Kutxabank Araskik irabazi du Oses Ardoiren kontrako derbia. 86 eta 91 nagusitu da Arabako taldea, azkenera arte emozioz betetako partidan. Garaipenarekin, behin-behinean, 14. postuan dago Made Urietaren taldea. Nafarroako taldeak azken postuan jarraitzen du.

Benetako final baten lekuko izan da Arrosadiako kiroldegia, Oses Construccion Ardoi eta Kutxabank Araski sailkapeneko zuloan berdinduta ziren partidaren atarian. Nafarroako taldea, igo berria izanik, sufritzeko prestatu da; Arabako taldeak, aldiz, ahal den moduan bizirauten ikasi du azken urteotan ligan.

Joan-etorri bizian abiatu dira biak ala biak, markagailuan txandaka aurrea hartuz. Araski nagusitu da lehen laurdenean, Hermidak ongi gidatuta Urietarenak. Gero, baina, Lahtinenek dena aldatu du. Finlandiarrak hiru hiruko kateatu ditu bigarren laurdenean, eta 12 puntu egin ditu, hirugarren falta egin arte. Ardoi aurretik heldu da atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran, alaitasuna galdu dute bi taldeek, baina Kutxabankek Brewer aurkitu du taula azpian, eta, bat-batean, Van Den Adel esnatu da, lehia berdintzeko. Gainera, une erabakigarrian irauli du markaigailua nederlandarrak.

Hogei minutu zeramatzan Araskik Ardoiren menpe. Behin aldea lortuta, eskarmentu handiagoa erakutsi du Gasteizko taldeak, eta, bide batez, lehen garaipena lortu du etxetik kanpo.