Itxi

Saskibaloia

Eurokopa

IDK Euskotrenek beste garaipen bat batuta amaitu du Eurokopako lehen fasea, Proteas Voulas aurkari (85-43)

EITB MEDIA

Donostiako taldeak txapelketako fase honetan jokatu dituen sei partidak irabazi ditu, eta, abenduaren 12an eta 19an egingo duen play-off txandan, kanporaketako bigarren norgehiagoka Gascan izango da. Asteazkeneko neurketan, Azu Muguruzaren taldea oso nagusi izan da.

  • Roso Buch, partidako jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

    Roso Buch, partidako jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

IDK Euskotrenek garaipena lortu du, Proteas Voulas aurkari, 85-43ko emaitza eskuratuta, 2024-25 denboraldiko Eurokopako fase erregularreko seigarren eta azken jardunaldian, C multzoan, Gascan, Donostian, asteazken gauean. Hala, euskal taldeak txapelketako fase honetan jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, eta hurrengo txandan, play-offeko 1. txandan hain zuzen ere, itzuliko neurketa Gascan jokatuko dute; play-off horretako joaneko partida abenduaren 12an izango da, eta itzulikoa hilaren 19an.

Testuinguru horretan, Proteas Voulasek partidako aurreneko saskiratzea sartu du, eta solik une horretan izan da Greziako taldea aurretik markagailuan. IDK Euskotrenek 11-0eko partziala erdietsi du, eta segituan erakutsi du aurkaria baino gehiago zela. Lehen laurdenean 20-8ko emaitza izan da, eta horrek jarraipena izan du bigarrenean; izan ere, IDK Euskotrenek, nahiz eta Proteas Voulas gehiegi ere estutu ez duen, hemeretzi puntuko aldea zuen atsedenaldian, 37-18. Ordura arteko alderik handiena zen; hori bai, pixka bat lehenago ere izan dute Azu Muguruzaren jokalariek abantaila hori bera, 34-15ean. Nastja Claessensek 15 puntu sartu ditu, eta Lola Pendandek bost errebote jaso; nolanahi ere, Gipuzkoako taldeko jokalari guztiak zebiltzan ondo baino hobeto.

Emaitza guztiz erabakita zegoela, bigarren zatian IDK Euskotrenek zenbait jokaldi ikusgarri egin ditu, eta Gascan bildutako zaleek gozatu ahal izan dute. Hamar minutu gelditzen zirela, IDK Euskotrenek 34 puntuko aldea zuen, 60-26, eta norgehiagoka bukatuta markagailuan 85-43ko emaitza esanguratsua zegoen islatuta. Gipuzkoako taldeak, beraz, oso sendo jarraitzen du Eurokopan.

Fitxa teknikoa

85 - IDK Euskotren: Buch (10), Alba Prieto (14), Halvarsson (6), Claessens (19), Becky (10) -hasierako bostekoa- Pendande (11), Lara Gonzalez (5), Mbulito, Becker (10), Rubio.

43 - Proteas Voulas: Anastasopoulo (9), Sakellariou (5), Chatzigiakoumi(6), George (6), Everett (6) -hasierako bostekoa- Stoligka (2), Gasparatou (6), Diamanto, Polymeni (3), Tsimprimani.

Epaileak: Jules Gaduel, Joseph Hodgson eta Christian Hansen.

Gertakizunak: giro ona Gascan, Donostian.