Saskibaloia
Zuzenean EITBn
IDK Euskotren eta Bilbao Basket, Europako laugarren garaipenaren bila
EITB MEDIA
IDK Euskotrenek 17:00etan jokatuko du Belgraden, Izar Gorriaren aurka, Eurokopan, eta Bilbao Basketek Balkan Botevgraden aurka jokatuko du, 18:00etatik aurrera, FIBA Europa Kopan. EITBk bi topaketak emango ditu.
-
IDK Euskotren. Irudia: EITB MEDIA
IDK Euskotrenek eta Surne Bilbao Basketek asteazken honetan, urriak 30, jokatuko dute Eurokopa eta FIBA Europa Kopa txapelketen fase erregularreko laugarren jardunaldia. Zehazki, IDK Euskotrenek 17:00etan jokatuko du Belgraden, Izar Gorriaren aurka, eta Bilbao Basketek Balkan Botevgraden aurka jokatuko du, 18:00etatik aurrera. EITBk zuzenean emango ditu bi partidak: Izar Gorria-IDK Euskotren ETB4n eta eitb.eus-en izango da ikusgai, eta Balkan Botevgrad-Bilbao Basket partida eitb.eus-en jarraitu ahal izango da.
Gauzak horrela, IDK Euskotren Eurokopan jarraitzen saiatuko da, C multzoaren barruan. Donostiako taldea hurrengo faserako sailkapena ziurtatzetik oso gertu dago; izan ere, Belgraden garaipena lortuz gero, pase hori ia bermatuta izango luke. Hori bai, Gascan (Donostia) Izar Gorriaren aurka jokatutako neurketa asteazkeneko konpromisoaren zailtasunaren eredua da; izan ere, IDK Euskotrenen aldeko markagailu oso zabaleko faseak egon baziren ere, Izar Gorria hobea izan zen partidaren azken bi laurdenetan, eta azken emaitza estuak begi bistan utzi zuen (70-64).
FIBA Europa Kopan pronostikoa Bilbao Basketen aldekoa da Bizkaiko taldeak eta Balkan Botevgradek Casillan (Bilbo) jokatu zuten partidan gertatutakoa eta gero, 40 puntugatik irabazi zuen Jaume Ponsarnauren taldeak (95-55). Bulgariako taldeak, Balkanek, hiru porrot ditu beste horrenbeste partidatan, eta ia ez du txapelketan jarraitzeko aukerarik. Horrela, Bilbao Basketek garaipenaren bidera itzultzeko aukera ona du, Endesa Ligan, igandean, Valentziaren aurka galdu ondoren.
Esan bezala, asteazken honetan, Izar Gorria-IDK Euskotren partida 17:00etan hasiko da; Balkan Botevgrad-Bilbao Basket norgehiagoka, berriz, 18:00etan. Zaleek zuzenean ikusi ahal izango dituzte bi-biak, EITBn.