Saskibaloia
EUROKOPA
IDK Euskotrenek aise irabazi dio Proteasi (48-73), eta bere multzoko lider jarraitzen du
A. A. | EITB MEDIA
Azu Muguruzaren taldea oso nagusi izan da Grezian jokatutako neurketa trabatuan, eta Eurokopako C multzoko buruan dago hiru garaipen kateatuta.
-
IDK Euskotreneko jokalariak partidaren aurkezpenean. Argazkia: EITB Media
IDK Euskotrenek erraz garaitu du Proteas Voulas talde greziarra (48-73) Eurokopako multzoen faseko hirugarren jardunaldiari zegokion norgehiagokan. Azu Muguruzarenak gehiago izan dira hasieratik, nahiz eta, orohar, batzuek zein besteek ez duten lehia onik jokatu. Lehen 10 minutuen osteko emaitza ere horren adierazle garbia izan da (9-18).
Tarte horren ondoren, etxekoek susperralditxo bat izan dute, eta lau puntura gerturatu dira 14-18 eta 16-20, baina Donostiako taldeak erantzuten jakin du, eta atsedenaldira tarte lasaigarriago batekin iritsi dira (26-33), batez ere erasoko errebotean izandako aldeari esker. Izan ere, lehen zatian, greziarrek 4 erasoko errebote baino ezin izan dituzte jaso; gipuzkoarrek, ostera, 15. Zeregin horretan Becky Massey belgiarra nabarmendu da (7 errebote, horietako 6 erasoan, atsedenaldira arte).
Bigarren zatiaren hastapena lehenaren ia bera izan da, eraso antzuak kateatu baitituzte bata bestearen atzetik bi taldeek. Garbi zegoen etxekoak gutxiago zirela, nekez lortzen baitzituzten puntuak. IDK, haatik, apurka-apurka partidari neurria hartzen joan zaio berriro, eta gutxi eginda ere markagailuko aldea areagotzea lortu du, 19 puntukoa izateraino 10 minuturen faltan (34-53).
Ordurako partida erabakita zegoen, eta azken laurden zeharo lasaia igaro du Muguruzaren taldeak. Emaitza puzten segitu du, eta azkenerako 25 puntuko zuloa izan da bien artean (48-73). Beraz, hirutik hiru garaipen lortu ditu txapelketan IDK Euskotrenek eta Eurokopako C multzoko buru izaten jarraitzen du.
Fitxa teknikoa:
48 - Proteas Voulas (9+17+8+14): Stoligka (9), Sakellariou (3), Chatzigiakoumi (1), George (10), Everett -hasierako bostekoa- Gasparatou, Anastasopoulou (10), Lamprini (10), Styliani, Diamanto (5).
73 - IDK Gipuzkoa (18+15+20+20): Buch (6), Alba Prieto (5), Delicia Washington (11), Becky (15), Pendande (10) -hasierako bostekoa- Claessens (9), Halvarsson (2), Lara González (4), Mbulito, Becker (11).
Epailea: Cecilia Montgomery, Zoran Mitrovski eta Aurimas Borusas.