Itxi

Saskibaloia

PARIS 2024 SASKIBALOIA

Espainiak Grezia garaitu du eta bizirik jarraitzen du Parisko Olinpiar Jokoetan (84-77)

AGENTZIAK | EITB Media

Dario Brizuela eta Xabier Lopez-Arostegui euskal jokalarien taldea aukerekin iritsiko da azken jardunaldira, Kanadaren aurka final-laurdenetako txartela eskuratzeko.

  • Dario Brizuela eta Alex Abrines, Pariseko Joko Olinpikoetako Espainia-Grezia neurketan.

    Dario Brizuela eta Abrines, Pariseko Joko Olinpikoetako Espainia-Grezia neurketan. ARGAZKIA:EFE

Dario Brizuela eta Xabier Lopez-Arostegui euskal jokalarien Espainiako selekzioak 84-77 irabazi dio Greziari astearte honetan, 2024ko Parisko Jokoetan. Sergio Scarioloren taldeak garaipena behar zuen txapelketan aukerekin jarraitzeko, lehen partidan Australiaren aurka galdu ondoren.

Santi Aldama, 19 puntu eta 12 erreboterekin, partidako jokalaririk aipagarriena izan da. Scarioloren mutilek 16 puntuko abantaila izatera iritsi dira hiruko marratik izandako eraginkortasunagatik (15/29) eta defentsako lanari esker. Hala ere, azkenean, sufritzea egokitu zaio txapelketako lehen garaipena erdiesteko.

Partida Giannis Antetokoumpok gidatutzen duen talde greziarraren nagusitasunarekin hasi da, eta 27 punturekin amaitu du partida. Sergio Llull kantxaratzeak aldea puntu bateraino murriztea ahalbidetu die espainiarrei lehen 10 minutuen ostean (21-22).

Llullek oso maila ona erakusten jarraitu du erasoan eta lehen laurdenaren ostean, Espainia markagailuan aurretik jarri duen beste hiruko bat sartu du. Une horretan, Jaime Pradilla sartu da kantxara, debuta egin du Olinpiar Jokoetan, eta jokoan zegoen bitartean, espainiarren partziala 25-10ekoa izan da.

Defentsako hobekuntzaz gain, Espainiak 11 hiruko sartu ditu lehen zatian, horietako bat Dario Brizuela donostiarrarena. Gauzak horrela, Espainia 14 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (49-35).

Atsedenaldiaren ondoren, greziarrek defentsako intentsitatea areagotu dute, Antetokoumporen eskutik aldea murriztea lortuta. NBAko izarrak sei puntu lortu ditu, eta Walkup eta Papanikolaouren hirukoek hamar puntu baino gutxiagora hurbildu dituzte greziarrak. Hirugarren laurdenaren amaierara 62-56ko emaitzarekin iritsi dira.

Aldea are gehiago murriztu da azken laurdenaren hasieran, eta greziarrak puntu bakarrera egon dira. Scarioloren mutilen erreakzioa Aldamaren eskutik etorri da, bi saskiraketekin, eta taldearen zortzi punturekin jarraian. Azken minutuetan, Antetokoumpok hirukoa jaurti du berdinketa lortzeko, baina baloia ez da sartu, eta errebotea Willy Hernangomezek hartu du. Bi puntu sartu ditu jaurtiketa libretik garaipena ziurtatzeko, 84-77ko emaitzarekin.

Espainiak final laurdenetarako txartela jokoan izango du fase honetako azken jardunaldian Kanadaren aurka, abuztuaren 2an, ostiralean.

- Fitxa teknikoa:

84; Espainia (21+28+13+22): Brown (7), Abrines (8), Lopez-Arostegui (-), Aldama (19) eta Willy Hernangomez (11); Llull (13), Juancho Hernangómez (3), Brizuela (3), Díaz (3), Garuba (-) y Rudy Fernández (10) eta Pradilla (7).

77; Grezia (22+13+21+21): Calathes (8), Walkup (5), Papanikolau (9), Antetokoumpo (27) eta Papagiannis (5); Mitoglou (4), Toliopoulos (14), Larentzakis (5), Kalaitzakis (-) eta Charalampopoulos (-).

Epaileak: Zurapovic, Kozlovskis eta Anaya.