Itxi

Saskibaloia

2024-25 egutegia

Tenerife-Baskonia eta Bilbao Basket-Rio Breogan, Endesa Ligako lehen jardunaldian

EITB MEDIA

Gasteiztarrek eta bilbotarrek irailaren 29an ekingo diote ligari; 13:00etan Baskoniak, eta 17:00etan Bilbao Basket.

  • Endesa Ligako 1. jardunaldiko partidak

    Endesa Ligako 1. jardunaldiko partidak. Iturria: ACB.

Baskoniak etxetik kanpo hasiko du 2024-25eko Endesa Liga, irailaren 29an, 13:00etan, La CB Canarias taldearen aurka, eta Surne Bilbao Basketek, berriz, egun berean jokatuko du, baina etxean, eta Rio Breoganen aurka, 17:00etan.

Hori da Endesa Ligak astelehen honetan aditzera emandako egutegian agertzen dena. Ligak denboraldia osatzen duten 34 jardunaldien berri eman du, partidak, datak eta orduak zehaztuta.

Hasiera ofiziala irailaren 21ean eta 22an Murtzian jokatuko den Superkopa izango da. Liga irailaren 28 eta 29an hasiko da eta Errege Kopa 2025eko otsailaren 13tik 16ra jokatuko dute.

Arabarrek urriaren 5ean jokatuko dute etxeko lehen partida, Morabanc Andorraren aurka. Bizkaitarrei dagokienez, UCAM Murtziari egingo diote bisita egun berean.

Azken jardunaldia

Bi taldeen arteko derbia abenduaren 8an izango da, 12:30ean. Bigarren itzuliko norgehiagoka, aldiz, azken aurreko jardunaldian jokatuko dute Buesa Arenan, maiatzaren 24an.

Euroligako aurkarien kontra partidetarako Baskoniak urtarrilaren 6ra arte itxaron beharko du. Real Madrid izango du aurkari egun horretan, Gasteizen. Bartzelona, aldiz, maiatzaren 24an hartuko dute, ligako 32. jardunaldian.

Endesa Ligako 1. jardunaldia

Endesa Ligako 1. jardunaldia