Itxi

Saskibaloia

Jokalari berria

Kutxabank Araskik Maxuella Lisowa-Mbaka fitxatu du

EITB MEDIA

Jokalari belgikarra Villeneuve d'Ascq talde frantziarretik dator, eta Euroligako txapeldunordea izatez gain, Frantziako liga irabazi du aurten.

  • Maxuella Lisowa-Mbaka, Kutxabank Araskiko jokalari berria

    Maxuella Lisowa-Mbaka, Kutxabank Araskiko jokalari berria

Kutxabank Araskik Maxuella Lisowa-Mbaka jokalariaren fitxaketa iragarri du ostegun honetan. Kanpoaldeko jokoa indartzera datorrela azaldu du taldeak, eta datorren denboraldirako bederatzigarren jokalaria da. Villeneuve d'Ascq frantziarretik dator; han, Bethy Munungarekin batera, Euroligako txapeldunordea izatez gain, Frantziako liga irabazi du aurten. Halaber, Parisko Joko Olinpikoetan jokatuko du Belgikako selekzioarekin.

Maxuella Lisowa-Mbakak (2001/05/14) Belgikako Castors Brainekin abiatu zuen bere ibilbidea saskibaloi-jokalari gisa. Bost sasoi ondoren, Suitzako Elsic Fribourg taldean jokatu zuen. Jarraian, Israelen (Elitzur Ramla) eta Italian (Le Mura Lucca) lehiatu ostean, Emakumezkoen Endesa Ligan arituko da lehen aldiz 2024-2025 denboraldian.

Frantzian egindako urtean, batez beste 6,6 puntu, 1,9 errebote eta 1,9 asistentzia egin ditu; Euroligan, berriz, 4,7 puntu, 1,9 errebote eta 1,6 asistentzia. Made Urieta talde berdearen entrenatzailearen esanetan, "iragan sasoian faltan bota dugun profila du. Defentsan oso gogor eta sendo jokatzen du. Erasoan ere puntuak ditu, bai sarreretan bai jaurtiketetan. Balio gehigarria eman dezakeela uste dugu".