Saskibaloia
Endesa Liga
IDK Euskotren play-offetik kanpo geratu da, Valentzia Basketen aurka galdu ostean (79-69)
EITB Media
Valentzia Basketek Ligako play-offetik kanpo utzi du IDK Euskotren. Azu Muguruzaren taldeak baloi asko galdu ditu eta erasoan ez du asmatu. Horrenbestez, ezinezkoa izan zaio kanporaketa iraultzea.
-
IDK Euskotren eta Valencia Basketeko jokalariak elkarri agurtzen. Argzkia: EITB Media
IDK Euskotrenek 79-69 galdu du Valentzia Basketen etxean, eta, ondorioz, Ligako titulua eskuratzeko final-laurdenetako play-offetik kanpo geratu da.
Azu Muguruzaren taldeak puntu bateko aldea irauli behar zuen, joan den ostegunean Gascan jokatutako partida 59-60 galdu eta gero. Helburua ez zen erraza, baina Valentzia Basket hasieratik izan da nagusi eta ez dio aukerarik eman. Gainera, donostiarrek hutsegite gehiegi egin dituzte erasoan.
Kanporaketa hasieratik zail jarri zaio IDK Euskotreni, berehala jarri baita 7-0eko partzialarekin, atzetik. Minutuek aurrera egin ahala, hobera egin du, eta norgehiagoka 12-12 berdintzea lortu du. Edonola ere, 28-20 amaitu da lehen laurdena, etxekoen alde.
Dinamika bera izan da bigarren laurdenean, baina Azu Muguruzaren taldeak Valentziaren oldarraldiari nolabait eutsi dio, eta atsedenaldira partida iraultzeko itxaropenarekin joan da (45-38).
Aldagelatik bueltan, donostiarrak etengabe saiatu dira, baina jaurtiketetan ez dira fin ibili, eta hainbat hutsegite egin dituzte. Valentziak, berriz, erasoko jokaldi ia gehienak baloia saskiratuz amaitu ditu. Hortaz, hirugarren laurdena 13 puntuko desabantailarekin bukatu du IDK-k (64-51).
Valentziako jokalariek indartsu jarraitu dute azkeneko laurdenetan, eta pixkanaka-pixkanaka amore ematen hasi dira gipuzkoarrak, kanporaketa iraultzeko aukerarik gabe gelditzen ari zirela ikusita. Partida, azkenean, 79-69 amaitu da.
Helburua zaila zen IDK Euskotrenentzat, baina baloiak galduz gero eta erasoan asmatu gabe, edozeinentzat da ezinezkoa kanporaketa bat gainditzea. Hortaz, Valentzia Basketek merezita egin du aurrera, eta Zaragozaren aurka lehiatuko da finalerdietan.