Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga

IDK Euskotrenek Lointek Gernika menderatu du Gascan, derbian (58-54), eta sendo dabil play-offetarako lehian

EITB MEDIA

Gipuzkoako taldeak, horrenbestez, 14 garaipen ditu dagoeneko, 27 partida jokatuta; Bizkaiko taldeak, neurketa bat gehiago jokatuta, 13 garaipen ditu. Mendjiadeuk 12 puntu sartu eta 12 errebote hartu ditu, eta Azu Muguruzaren taldea gehiago izan da derbian.

  • IDK Euskotrenek eskuratu du garaipena derbian. Argazkia: IDK Euskotren.

    IDK Euskotrenek eskuratu du garaipena derbian. Argazkia: IDK Euskotren.

IDK Euskotrenek Lointek Gernika Bizkaia menderatu du, 58-54, ostiralean, Gascan, 2023-24 denboraldiko Endesa Ligako hogeita zortzigarren jardunaldiari dagokion partidan. Hala, Gipuzkoako taldeak, derbian lortutakoa zenbatuta, 14 garaipen bildu ditu jada Endesa Ligako fase erregularrean, eta sendo dabil txapelketako play-offetarako sailkatzeko lehian; Bizkaiko taldea, ordea, IDK Euskotrenek baino norgehiagoka bat gehiago jokatuta, 13 garaipen ditu.

Azu Muguruzaren taldea gehiago izan da derbian, eta ia partida osoan ibili da aurretik markagailuan. Hirugarren laurdenean, IDK Euskotrenek 16 puntuko aldea ere izan du, 49-33; Lointek Gernika, hori bai, gerturatu egin da partidako azken tartean, eta gertutik ikusi du neurketa berdintzeko aukera.

IDK Euskotrenen aldetik, Dulcy Mendjiadeu bikain ibili da derbian, 12 puntu sartuta eta 12 errebote hartuta, baina Laura Westerik izan da saskiratzailerik onena etxeko taldeari dagokionez, 13 puntu eginda. Lointek Gernika Bizkaiaren datuei erreparatuta, Stephanie Watts oso ondo aritu da, 15 puntu sartu eta 5 errebote hartu baititu.