Itxi

Saskibaloia

Erregina Kopa

IDK Euskotrenek Valentzia Basketen aurka galdu du, 63-55, Erregina Kopako final laurdenetan

EITB MEDIA

Azu Muguruzaren taldeak ez du amore eman, Huelvan jokatutako kanporaketan, aurkariak maila ona eman badu ere, baina ezin izan du hori gainditu, eta, horrenbestez, Kopatik kanpo gelditu da.

  • IDK Euskotren ondo lehiatu da, Kopatik kanpo gelditu bada ere. Argazkia: IDK Euskotren.

    IDK Euskotren ondo lehiatu da, Kopatik kanpo gelditu bada ere. Argazkia: IDK Euskotren.

IDK Euskotren 2023-24 denboraldiko Erregina Kopatik kanpo gelditu da, ostegunean, final laurdenetako kanporaketan Valentzia Basketen aurka 63-55 galduta, Huelvako Carolina Martin kiroldegian jokatutako neurketan. Azu Muguruzaren taldeak ez du amore eman, aurkariak maila ona eman badu ere, baina ezin izan du hori gainditu, eta, horrenbestez, agur behar izan dio Kopari.

Bigarren laurdenera arte eutsi dio IDK Euskotrenek berdintasunari, markagailuan; izan ere, lehen hamar minutuak bukatuta Valentzia Basket 16-15 ari zen irabazten. Atsedenaldian, Valentziako taldeak hamar puntuko aldea zuen, 36-26, eta IDK Euskotrenen aurkariak, bigarren zatian, gaitasuna izan du abantaila hori modu egokian kudeatzeko. Hirugarren laurdena amaitu denean, 50-38 ari zen gailentzen Valentzia Basket.

Ruben Burgosek talde sendoa du, hainbat jokalari bikain dauden haren esanetara, eta zenbait aukera desberdin; hori norgehiagokako giltzarrietakoa izan da, baina IDK Euskotrenek ez du amore eman. Azken emaitza 63-55ekoa izan da. Finalerdietan, Valentzia Basketek Movistar Estudiantes izango du aurkari, Madrilgo taldeak Spar Girona kanporatu baitu (72-49).