Itxi

Saskibaloia

Emakumezkoen Endesa Liga

Galdu egin dute IDK Euskotrenek, Lointek Gernikak eta Kutxabank Araskik, 23. jardunaldian

EITB Media

IDK Euskotrenek ezin izan du irabazi etxean Zaragozaren aurka (60-70), eta Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik kanpoan galdu dute, Ensino (78-60) eta Cadi La Seu (89-83) taldeen etxean, hurrenez hurren.

  • Ensino-Lointek. Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia

    Ensino-Lointek. Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia

IDK Euskotrenek porrot gogorra jaso du etxean Casademont Zaragozaren aurka (60-70), Endesa Ligako 23. jardunaldian. Azu Muguruzaren taldeak lehen laurden oso ona jokatu du (18-10), eta zazpi puntuko abantailarekin joan da atsedenaldira (33-26). Alabaina, bigarren zatian partida erabat aldatu da, eta Zaragozak markagailua berdintzea lortu du (45-45).

IDK-k 20 baloi galdu ditu, eta galera horietako hiru erabakigarriak izan dira, azken minutuan gertatu direlako eta Zaragozak partida iraultzeko eta garaipena eskuratzeko baliatu dituelako. Horrenbestez, donostiarrek hirugarren norgehiagoka galdu dute jarraian, eta play-offeko postua arriskuan izan dezakete.

Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak Ensinoren etxean jokatu du, Lugon. Aurkari zuzenak dira biak, baina Gernikako taldeak 18 puntuko aldearekin galdu du (78-60).

Azken laurdenean joan zaio norgehiagoka Lucas Fernandezen taldeari, etxekoen aldeko partzial argiarekin (25-11). Porrot honen ondorioz, Lointekek atzera egin du; izan ere, Ensinok aurrea hartu dio sailkapenean.

Kutxabank Araskik ere ezin izan du garaipena eskuratu Cadi La Seuren kontra etxetik kanpo jokatu duen partidan. Gasteizko taldearen aurkari zuzena da, eta, hori dela eta, ezinbestekoa zen norgehiagoka irabaztea, mailari eusteko borrokan beste urrats bat emateko eta sailkapenean gorago begiratzeko.  

Made Urietaren taldeak partida ona egin du, eta 69-69 berdinduta amaitu da arauzko denbora. Luzapenean, baina, Kataluniako taldea nagusitu da (89-83).