Saskibaloia
Emakumezkoen Endesa Liga
Lointek Gernikak irabazi egin du, eta Araskik eta IDK Euskotrenek galdu, 22. jardunaldian
EITB MEDIA
Bizkaitarrak 80 eta 74 gailendu zaizkio Bembibreri Malosten. Araskik, aldiz, azken momentuan galdu du Bartzelonaren aurkako neurketa, eta IDK Euskotrenek ezin izan du Kanaria Handia taldea gainditu.
-
Araski-Bartzelona partidako argazkia. Iturria: Araski.
Lointek izan da Emakumezkoen Endesa Ligako 22. Jardunaldian garaipena lortu duen euskal talde bakarra. Bizkaitarrak aurretik amaitu dituzte lau laurdenak eta hiru porroteko bolada txara etetea lortu dute.
Lucas Fernandezen jokalariak sei puntuko aldearekin nagusitu dira (80-74) eta 12 garaipen dituzte. Horri esker, playoffa jokatzeko postuetan dira.
Kutxabank Araskiri dagokionez, gasteiztarrek porrot mingarria jaso dute etxean Bartzelonaren aurka jokatutako partidan. Azken momentuan galdu dute neurketa, aurten etxean galdu duten lehenengoa.
Emaitza horrekin, Araskik atzera pausoa eman du playoffa jokatzeko helburuan. Momentuz, eta jardunaldiko partida guztiak bukatzearen zain, 12. dira sailkapenean, IDKren zortzigrren postutik hiru garaipenera.
IDK Euskotrenek ere galdu egin du, kasu honetan, etxetik kanpo. Donostiarrek ezin izan dute Azu Muguruzaren 300. partida nahi bezala ospatu eta ez dira Kanaria Handia sailkapeneko azken-aurreko taldea mendean hartzeko gai izan.
Gipuzkoarrei hirugarren laurdenean alde egin die garaipenak, 23 eta 14ko partziala jasota. IDK Euskotrenek 12 garaipen ditu eta zortzigarren da, playoffa jokatzeko eskubidea ematen duen azken postuan, baina ondoren datozen taldeekiko aldea gero eta txikiagoa da.