IDK Euskotrenek irabazi du Kutxabank Araskiren aurkako euskal derbia, 73-47ko emaitzarekin, igande honetan (urtarrilak 14). Ondorioz, Gipuzkoako taldeak sailkapenaren goialdean jarraitzen du, 10 garaipen eskuratuta. Arabako taldeak, aldiz, 7 partida irabazi ditu orain arte, eta jaitsieratik urrun jarraitzen du. Araskik ondo ekin dio norgehiagokari, hasieran lau puntuko errenta lortuta. Hala ere, etxeko taldeak azkar erantzun du, aurkariaren hasiera ona irauliz. Pixkanaka-pixkanaka, zuloa ireki du IDK Euskotrenek (15-6), baina lehen laurdenaren azken txanpan Kutxabank Araski desabantaila murrizteko gai izan da (19-13). Bigarren laurdenean, Gipuzkoako taldea izan da nagusi. Bisitariei kosta egin zaie etxekoen erasoko jokaldiak gelditzea, baita aurkariaren saski aurrean asmatzea ere; hortaz, IDK Euskotren aldeko 36-23ko emaitzarekin joan da atsedenaldira. Aldageletatik bueltan, atsedenaldira heldu baino lehen eskuratutako errentari eusteko gai izan da IDK Euskotren. Kutxabank Araskik bigarren laurdenean baino hobeto jokatu du hirugarrenean, baina 11 puntuko desabantailarekin ekin dio azken laurdenari (49-38). Amaierako hamar minutuetan, erabat nagusi izan da IDK Euskotren. Donostiako taldea jaun eta jabe izan da kantxan, eta partida amaitzeko hiru minutu falta zirenean, garaipena bideratuta utzi du, 16 puntuko abantaila lortuta (61-45). Azkenean, 73-47ko emaitzarekin irabazi du neurketa.