Saskibaloia
Endesa Liga
IDK Euskotrenek 58 eta 71 hartu du mendean Kutxabank Araski Endesa Ligako euskal derbian
EITB Media
Donostiako taldea nagusitu da Gasteizkoaren kontra (58-71) Mendizorrotzan jokatutako Endesa Ligako bederatzigarren jardunaldiko partidan.
IDK Euskotrenek garaipena bereganatu du Kutxabank Araskiren aurka 58-71ko emaitzarekin, larunbat honetan, azaroaren 25ean, Mendizorrotzan jokatutako Endesa Ligako bederatzigarren jardunaldiko euskal derbian.
Bikain ekin dio partidari Gasteizko taldeak, zortzi puntuko errenta lortuta (11-3), baina aurkariek azkar erantzun dute, lehia berdintzeko (13-13). Gero, parekotasuna izan da nagusi, eta lehen laurdena Kutxabank Araskiren aldeko 20-18ko emaitzarekin amaitu da.
Bigarren laurdena lehenengoaren azken minutuetan izandako ildo beretik joan da. Bi taldeak zuloa irekitzen saiatu dira, baina ez dute lortu. IDK Euskotrenek, ordea, hobeto jokatu du azken minutuan, eta sei puntuko abantailarekin heldu da atsedenaldira (30-36).
Aldageletatik itzulitakoan, Donostiako taldea izan da nagusi. Hala, hirugarren laurdeneko lehen bost minutuetan, abantaila handia hartu du (37-47). Pixkanaka-pixkanaka, Kutxabank Araskik desabantaila murriztea lortu du, baina IDK Euskotren sei puntuko errentarekin iritsi da azken laurdenera (48-54).
Laugarren laurdenean, Gipuzkoako taldea jaun eta jabe izan da. Kutxabank Araski ez da gai izan aurkariaren erasoko jokoa gelditzeko, eta IDK Euskotrenek garaipena bideratuta utzi du (50-63) partida amaitzeko lau minutu falta zirenean. Amaieran, Donostiako taldea nagusi (58-71).