Saskibaloia
Emakumeen Endesa Liga
Endesa Ligako hiru euskal taldeek garaipenak lortu dituzte zortzigarren jardunaldian
EITB MEDIA
Kutxabank Araskik hirugarren garaipena lortu zuen jarraian, Girona 52-63 mendean hartuta. Lointek Gernikak 78-64 irabazi zion Cadi La Seuri, eta IDK Euskotren Jairisi gailendu zitzaion: (74-64).
-
Lointek Gernika eta Cadi La Seu partidako irudia. @GKesb Lointek
Emakumezkoen Endesa Ligan lehiatzen diren hiru euskal taldeek irabazi egin zuten asteburuan jokatutako partidetan. Denboraldi hasiera txarra egin ostean, Kutxabank Araskik hiru garaipen daramatza jarraian, Gironaren aurka 52-63 nagusitu baitzen. Neurketa berdinduta abiatu zen arren, Gasteizko taldea nagusitzen hasi zen bigarren laurdenean, eta halaxe eutsi zion amaierara arte. Melisa Gretter base argentinarra izan zen protagonistetako bat, egindako lanagatik, baita Brittany Brewer eta Sami Hill ere.
Bestetik, Lointek Gernika ere nagusi izan zen Cadi La Seuren kontrako aurrez aurrekoan: 78-64. Lucas Fernandezek gidatzen duen taldea laugarren dago sailkapenean, zortzitik sei partida irabazi ondoren. Lleidako ekipoaren aurkako norgehiagokak erritmo bizia izan zuen, eta markagailua ia berdinduta iritsi ziren Malosten bigarren laurdenaren bukaerara. Hirugarrenean ere antzera segi zuten, baina Lointekek abantaila hartu zuen azken zatian, eta aldeko emaitza itxi zuen, 12 puntuko aldeaz.
Azkenik, IDK Euskotrenek euskal taldeek asteburuan egindako lan bikaina borobildu zuen, Jairis taldeari etxean irabazita. Jokatutako azken bi partidak galduta ekin zion partidari Donostiako taldeak. Norgehiagoka berdinduta hasi zen arren, bigarren zatian aurrera egin zuen IDK Euskotrenek, eta hamar puntuko aldea aterata lortu zuen garaipena: 74-64.