Saskibaloia
EuroCup
Lointek Gernika porrotarekin estreinatu da EuroCupen, Lattes Montpellierren aurka (69-70)
I. G. | EITB MEDIA
Hasiera kaskarra izan arren, markagailuari buelta ematea lortu dute, baina azken segundoetan jasotako hiruko batek porrota ekarri die.
-
Lointek Gernika porrotarekin estreinatu da EuroCupen. Argazkia: @GKesb.
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin du ostegun honetan EuroCup txapelketan, Lattes Montpellierren aurka (69-70). Ramat Hasharon talde israeldarraren aurkako lehen partida bertan behera geratu ondoren, euskaldunek etxean ekin diote Europako txapelketari, Gernikan. Hasiera kaskarra izan arren, markagailuari buelta ematea lortu dute, baina azken segundoetan jasotako hiruko batek porrota ekarri die.
Bisitariek indartsu hasi dute partida, lehen puntuak lortzeko hiruko batekin. Azkar hartu dute aurrea, eta partidaren lehen laurdenean korrontearen kontra borroka egitera behartu dituzte bizkaitarrak (5-10). Lointekek aurkarien erritmoa harrapatu du, baina Frantziako taldea bikain aritu da jaurtiketetan, eta, horri esker, abantaila txiki bat lortu du lehen laurdenerako (15-21).
Etxekoak beste txinparta batekin sartu dira bigarren laurdenean, eta markagailuan aurretik jarri dira 7-0eko partzialarekin (22-21). Aldaketa horretan zerikusi handia izan du Gernikakoen defentsako lan bikainak. Baina falta eta hiruko batekin Montpellierrek partidaren bolantea hartu du berriro (24-28). Lointek jaurtiketa gehiegi huts egiten hasi da, eta horrek abantaila ateratzea ahalbidetu die aurkariei, 5-12ko partzialarekin, atsedenaldira aurretik iristeko (33-42).
Atsedenaldiaren ostean, euskal taldea nagusitu da jokoan, eta 10-2ko partzialarekin aurkariarengandik puntu bakarrera jarri da (43-44). Pultsuari eutsi diote, baina ezin izan dute aurrea hartu hirugarren laurdenaren amaieran (52-56).
Etxekoen hiruko bati esker, Lointekek aurrea hartu du azken laurdena hasi eta berehala, eta aurretik mantendu da, gutxienekotik izan bada ere (69-67). Partidako azken minutuak oso biziak izan dira, eta bost segundoren faltan Montpellierrek garaipena lortu du hiruko jaurtiketa batekin (69-70).
Ramat Hasharon, txapelketatik at
Israelgo Saskibaloi Federazioak ostegunean FIBAri iragarri dionez, Lointek Gernika Bizkaiaren multzo berean zegoen Ramat Hasharon taldeak txapelketa uztea erabaki du. Israelgo klubak herrialdean dagoen egoeragatik hartu du erabaki hori, eta, ondorioz, D multzoa hiru taldeko multzo bezala jokatuko dute; gainerako multzoetan, aurreneko hiru sailkatuek laugarrenaren aurka lortutako emaitzak ez dituzte kontuan hartuko.
Testuinguru horretan, Ramat Hasharonek multzo fasean jokatu beharreko partida guztiak egutegitik kendu dituzte.
Fitxa teknikoa
69 - Lointek Gernika (15+18+19+17): Ariztimuño (2), Nikitinaite (10), Berger (9), Madera (7) y Milapie (3) -hasierako bostekoa-; Flores (10), Buch (7), Bradford (15) y Da Silva (6).
70 - Lattes Montpellier (21+21+14+14): Bernies (3), Alston (17), Toure (17), Badiane (7) y Linskens (18) -hasierako bostekoa-; Rabot (3), Naigre (2) y Zemoura (3).
Epaileak: Andrea Bongiorni (Italia), Elvis Binders-Coders (Letonia) eta Tiago Roxo Perdigao (Portugal). Milapie kanporatu dute faltengatik.