Itxi

Saskibaloia

Endesa Liga, 3. jardunaldia

Baskonia nagusi, Bilbao Basketen aurka Buesa Arenan jokatutako derbian (92-72)

EITB MEDIA

Joan Peñarroyak zuzendutako taldeak hirugarren laurdenean hautsi du partida, atsedenaldira 9 puntuko aldearekin iritsi ostean.

6:08
Baskonia vs Bilbao Basket

Baskoniak Surne Bilbao Basketen aurka jokatutkao euskal derbia irabazi du, Endesa Ligako 3. jardunaldian (92-72). Gasteiztarrek euren nagusitasuna erakutsi dute eta, partida hasiera orekatua izan den arren, aise gailendu dira. Surne Bilbao Basketek itxura ona eman du lehen zatian, baina minuuek aurrera egin ahala, atzean geratzen joan dira.

Lehen laurdenean Bilbao Basket erasokorrago agertu da eta gasteiztarrek kanpoko jaurtiketetan oinarritu dute euren jokoa. Markagailuko lehen alde esanguratsua bilbotarrek ireki dute (7-12) baina orokorrean oreka izan da nagusi lehen 10 minutuetan. Horrela, lehen laurdenaren amaieran 18-20 izan da markagailuko emaitza.

Bigarren laurdenean, Baskonia Bilbao Basket baino gehiago izan da. Arabarrek defentsa jokoan asko hobetu dute eta horri esker kontraeraso azkarrak egin dituzte. Atsedenaldirako bi minutu eta erdiren faltan, 10 puntuko zuloa egin dute eta, azkenean, 40 eta 31eko aldeko emaitzarekin iritsi dira atsedenaldira. Markus Howard izan da lehen zatiko saskiratzailerik onena.

Hirugarren laurdenean hautsi du partida talde arabarrak. Hala ere, kosta egin zaie benetako zuloa zabaltzea. Jokoari abiadura bizia jarri diote, eta horrek mesede egin die. Bilbotarrak, aldiz, huts ugari egin dituzte erasoan. Laurden honetako azken minutuetan, 25 puntura iritsi da Baskoniaren aldea. Bukaerarako, Ponsarnauren taldeak alde hori 20 puntura jaistea lortu du (67-47).

Azken minutuak

Azken laurdenean, gauzek bide beretik jarraitu dute. Baskoniak 28 puntuko aldea ere izan du (81-53), baina bilbotarrek erreakzio txiki bat izan dute amaieran, 16 puntura ere hurbildu dira, baina azkenean etxeko taldea 20 puntugatik gailendu da (92-72), Mendizorrotzan jokatutako euskal derbian.

Fitxa teknikoa:

92 - Baskonia (18+22+27+25): Miller-McIntyre (9), Howard (16), Sedekerskis (7), Costello (4) eta Diop (10) -hasierako boskotea-, Mannion (3), Raieste (-), Rogkavopoulos (13), Marinkovic (11), Díez (-), Kotsar (5) eta Moneke (14).

72 - Surne Bilbao Basket (20+11+16+25): Renfroe (3), Adam Smith (11), Rabaseda (4), Tsalmpouris (-) eta Hlinason (13) -hasierako boskotea-; Pantzar (-), Kullamae (12), Alex Reyes (9), Andersson (8), Killeya-Jones (9) eta De Ridder (3).

Epaileak: Jordi Aliaga, Javier Torres eta Jorge Martinez. Ez dute jokalaririk kanporatu.