Saskibaloia
Fitxaketa
Araskik Brittany Brewer pibota fitxatu du, barneko jokoa sendotzeko asmoz
EITB MEDIA
Jokalaria, 1,96koa eta 25 urtekoa bera, Greziako Ligako Eleutheria Moshatou taldetik iritsi da Gasteizera, eta WNBAn eta Eurocupen du esperientzia; AEBko Ligan, Atlanta Dream taldean ibilitakoa da.
-
Brittany Brewerrek Araskin jokatuko du 2023-24 denboraldian. Argazkia: Kutxabank Araski.
Kutxabank Araskik barneko jokoa sendotu du Brittany Brewer pibota fitxatuz, asteartean Gasteizko klubak jakitera eman duenez. Jokalaria, 1,96koa eta 25 urtekoa bera, Greziako Ligako Eleutheria Moshatou taldetik iritsi da Arabara, eta WNBAn eta Eurocupen du esperientzia; hain zuzen ere, AEBko Ligan, Atlanta Dream taldean ibilitakoa da.
Texas Tech Unibertsitatean hazita, Brewerrek, Atlanta Dreamen eta Eleutheria Moshatoun ez ezik, Israelgo Maccabi Haifan eta Belgikako Ladies Liege Panthersen ere jokatu du. Grezian, Araskik zehaztu duenez, Brewerrek 9,8 puntu sartu eta 8,1 errebote hartu ditu partidako, batez beste; Eurocupen jokatutako bi partidetan, batez beste 17 puntu sartu eta 11 errebote hartu zituen.
"Jokatzen ikus genuen lehen alditik, deigarria iruditu zitzaigun zein mugimendu gaitasun duen, oso altua izanik ere. Zonan izango dugun erreferente nagusietakoa izango da, defentsan zein erasoan. Ahalmen handia du erreboteak jasotzeko, eta bikain egokituko da taldeak izango duen jokatzeko modura", ziurtatu du Made Urieta Araskiko entrenatzaileak, Arabako taldearen web orrian.