Itxi

Saskibaloia

BERRITASUNA TXAPELKETAN

Euroligak lehiaketa formatua aldatu eta "play-in" kanporaketak izango ditu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lehen fasea zazpigarren eta hamargarren postuen artean amaitzen duten taldeek elkarren aurka jokatuko dute, final-laurdenetako kanporaketetara sailkatzeko asmoz.

  • Euroligako saskibaloi baloia.

    Euroligako saskibaloi baloia. Argazkia: EFE

Euroligako Akziodun Sindikalen Batzarrak, ostegun honetan egindako bileran, txapelketan parte hartuko duten taldeen behin-behineko zerrendak berresteaz gain, lehiaketak izango duen formatu berria zein izango den plazaratu du. Hala, lehen fasea zazpigarren eta hamargarren tokien artean amaitzen duten taldeek play-in kanporaketa jokatu beharko dute titulua lortzeko final-laurdenetara sartzeko.

Zehatzagoak izateko, ligako fase erregularra zazpigarren eta zortzigarren postuan amaitzen duten taldeek partida bat jokatuko dute, eta irabazleak bigarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak final-laurdenetan.

Aitzitik, galtzaileak bederatzigarren eta hamargarren sailkatuen arteko neurketako irabazlearekin jokatuko du bigarren aukerako beste partida batean, eta kanporaketa horretatik garaile ateratzen denak lehen sailkatuarekin egingo du topo final-laurdenetan.

Aipatu neurketa horietan guztietan etxeko talde gisa arituko da liga erregularrean ondoen sailkatuta bukatu duen taldea.

Honako hauek dira Euroligan parte haruko duten taldeak: ALBA Berlin, Anadolu Efes, Monako, Baskonia, Izar Gorria, Armani Milan, Bartzelona, Bayern Munich, Fenerbahce, ASVEL Villeurbanne, Maccabi, Olympiakos, Panathinaikos, Partizan, Real Madril, Valentzia Basket, Virtus Bolonia eta Zalgiris Kaunas.