Itxi

Saskibaloia

Play-offeko hirugarren partida

Bartzelonak irabazi du Endesa Liga, Real Madrilen aurka hirugarren garaipena lortuta (82-93)

Agentziak | EITB MEDIA

Madrildarren etxean lortutako emaitzari esker, kataluniarrek euren historiako 20. Liga txapelketa eskuratu dute.

7:00
Mirotic, Bartzelonakoa, eta Tavares, Real Madrilekoa.

Bartzelonak irabazi du Endesa Liga, Real Madrili finaleko play-offeko hirugarren partida 82-93 irabazita. Horrenbestez, kataluniarrek 3-0eko emaitza lortu dute play-offean, eta Nikola Mirotic jokalariak bere taldeari agur esateko lortu nahi zuen titulua eskuratu dute.

WiZink Center pabiloia jendez lepo zegoela, Bartzelona 0-4 aurreratu da partidaren hasieran, baina Real Madrilek hasierako alde hori iraultzea lortu du Dzanan Musaren hirukoari eta Guerschon Yabuseleren birrintzeari esker.

Lehen zatia 21-20 galtzen amaitu arren, Bartzelonako jokalariek madrildarrei nola jokatu asmatu dute, eta 22-29 jarri dira ondoren.

Minutuek aurrera egin ahala, madrildarrek markagailua parekatzea (36-36) lortu dute Llullen hirukoari esker, atsedenaldirako bi minuturen faltan. Caseurrek etxekoen alde jarri du markagailua, urrutitik egindako jaurtiketa batekin (39-36).

Hirugarren laurdenean, Bartzelona aurretik jarri da berriro, 52-57. Partidak, hala ere, zabalik jarraitu du, eta bi taldeen arteko lehia estua izan da laugarren laurdenera arte. Azken 10 minutuei 62-61eko emaitzarekin ekin diote.

Azken laurdenean, Bartzelonak partida eta finala erabaki du, Real Madril asmatu ezinik aritu den bitartean. Ondorioz, Bartzelonak erdietsi du garaipena, 82-93, eta, bide batez, liga txapelketa poltsikoratu du.

Mirotic, jokalaririk onena

Nikola Mirotic Bartzelonako jokalaria finaleko jokalaririk onena izendatu dute.

Astearte honetako partidan, 14 puntu, 5 errebote eta 2 asistentzia lortu ditu 17ko balorazioa eskuratzeko. Aurretik, finaleko lehen partidan, 14 puntu, 7 errebote eta asistentzia 1 egin zituen, eta bigarrenean, 25 puntu, 5 errebote eta 3 asistentzia.

Fitxa teknikoa

82-. Real Madril: Williams-Goss (4), Hanga (4), Musa (9), Yabusele (10) eta Tavares (19); Sergio Rodríguez (3), Hezonja (7), Causeur (11), Llull (8), Rudy Fernández (-) eta Poirier (7).

93-. Barça: Satoransky (8), Laprovittola (12), Abrines (2), Mirotic (14) eta Vesely (21); Sanli (6), Kalinic (10), Kuric (3), Jokubaitis (13), Nnaji (2) eta Da Silva (4).

Partzialak: 21-20, 20-18, 25-29, 16-26.

Epaileak: Peruga, Jimenez eta Torres. Ez dute inor kanporatu.