Saskibaloia
Fitxaketa
Bayern Munichek Pablo Laso fitxatu du, 2025era arte
EITB MEDIA
Entrenatzaile gasteiztarrak urtebete eman du talderik gabe; hain zuzen, 2022ko udan atera zen Real Madriletik, bihotzeko bat pairatu ostean.
-
Pablo Laso, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Bayern Munichek Pablo Laso fitxatu du, 2024-25 denboraldiaren amaierara arte, Alemaniako taldeak astelehenean jakitera eman duenez. Lasok (55 urte), besteak beste, Gipuzkoa Basket eta Real Madril entrenatu ditu (Euskal Selekzioan ere ibili da, hautatzaile gisa), baina urtebete eman du talderik entrenatu gabe, eta, hortaz, lehiara itzuliko da.
2022ko uztailean utzi zion Real Madrileko entrenatzaile izateari. 2011n hasi zen talde hori zuzentzen, eta 22 titulu lortu zituen guztira: 2 Euroliga, 6 Liga, 6 Kopa, 7 Superkopa eta Kontinentearteko Kopa bat.
"Ohore handia da Munichen egotea, eta poztu egiten nau", adierazi du Lasok. Halaber, eskerrak eman dizkio Bayern Munichi bera aukeratzeagatik "Euroligan eta Alemaniako Ligan duen egitasmoan parte hartzeko": "Noski, pozik egongo nintzateke iraganean izandako arrakastak berrestea lortuko bagenu, baina arrakasta ez da soilik Euroliga irabaztea, eta hori denok izan beharko genuke argi. Erabateko konpromisoa dut, eta prest nago Bayern proiektu zirraragarri honetako hurrengo mailara eramaten laguntzeko".
2022-23 denboraldian, Bayern Munichek Kopa irabazi du, eta Euroligan hamabosgarren postuan sailkatu da.