Saskibaloia
BERRITZEA
Natalie van den Adelek Kutxabank Araskin jarraituko du
A. A. | EITB MEDIA
Horrela, taldeko kapitaina den jokalari herbeheretarrak bere bosgarren denboraldia beteko du Gasteizko taldean.
-
Natalie van den Adel, 2023ko Erreginaren Kopan. Argazkia: EFE
Kutxabank Araskik Natalie van den Adel jokalariaren kontratua beste denboraldi baterako berritu duela iragarri du asteazken honetan. Ondorioz, hegaleko herbeheretarrak bosgarren urtea beteko du Arabako hiriburuan.
Van den Adel ezinbestekoa da Made Urieta entrenatzailearen jokatzeko eran, eta hala islatzen da klubak argitaratutako prentsa-oharrean: "Nat erreferente bat da gure harrobiko neskentzat eta zaleentzat. Klubaren egitura eta filosofiarekin identifikatzen den jokalaria da. Kirol arloari dagokionez, hainbat posiziotan jokatzeko duen balio-aniztasunak, eskuzabaltasunak eta saskibaloia ikusteko moduak funtsezko pieza bihurtzen dute".
Jokalaria 2017ko udan iritsi zen Gasteizera, eta hiru denboraldiz jokatu zuen elastiko berdearekin. Bertan, bi Erreginaren Kopa eta play-off bat jokatu zituen. Lugon (Duran Maquinaria Ensino) denboraldi bat eman ondoren, udan Araskira itzuli zen.
Elastiko berdea jantzita, 100 partida baino gehiago jokatu ditu, eta klubaren bigarren saskiratzailerik onena da (825 puntu), bigarren erreboteatzailea (363) eta hirugarrena asistentzia kopuruari dagokionez (160).
Jokalariak berak bere sare sozialak erabili ditu albistearen berri emateko eta Araskiko zaleak agurtzeko:
¿ ¡Hola araskizales! ¿@Nat_vdAdel tiene un mensaje para vosotr@s ¿#LFEndesa #ADNAraski pic.twitter.com/TPPCcRoHIq
— Araski AES (@Araski) May 24, 2023