Saskibaloia
EMAKUMEZKOEN ENDESA LIGA
Lointek Gernikak eskuratu du Kutxabank Araskiren aurkako derbia (64-58)
A. A. | EITB MEDIA
Bizkaitarrek ia neurketa guztian zehar agindu duten arren, gasteiztarrak aurretik jarri dira amaierarako hiru minuturen faltan. Dena den, azkenerako, Ana Montañanak zuzentzen duen taldea sendoago agertu da, eta garaipena lortu du.
-
Sofia Da Silva saskira jaurtitzen, Chatrice Whiteren oposizioaren aurka
Lointek Gernika Bizkaiak irabazi egin dio Kutxabank Araskiri Emakumezkoen Endesa Ligako 25. jardunaldian Malosteko kiroldegian jokatu den euskal derbia (64-58). Neurketa garrantzitsua zen bi taldeentzat play-offetarako txartela lortzeko bidean, garaipen bakarreko aldea baitzegoen sailkapen nagusian bien artean jardunaldia hasi aurretik, gernikarren alde.
Partidari dagokionez, bizkaitarrak nagusi izan dira lehen (20-16) eta bigarren laurdenetan (10-6), eta, hartara, zortzi puntuko errenta erosoarekin iritsi da atsedenaldira Ana Montañanak zuzentzen duen taldea (30-22).
Dena den, gasteiztarrek lanean jarraitu dute, eta markagailuko aldeak murrizten joan dira apurka-apurka aldageletatik bueltan. Hala, hirugarren laurdenaren amaieran sei puntukoa zen aldea (44-38) eta, gerora, norgehiagoka amaitzeko hiru minutu baino ez zirela geratzen, aurrea hartzeko gai izan dira Made Urietarenak (50-51).
Alabaina, etxekoak ez dira urduri jarri, eta berehala irauli dute berriro markagailua berriz ere zortzi puntuko zuloa zabaltzeraino (64-56) azken segundoetan. Azkenerako, garaipena Malosten geratu da (64-56), eta Lointekek bere 14. garaipena batu du. Araski, aldiz, 12rekin geratu da
Gernikaren aldetik, Sandra Ygueravide (16 puntu) eta Andrijana Cvitcovic (14) izan dira ekarpen handiena egin dutenak bere talderen alde. Araskiren partetik, ostera, Tanaya Atkinson (12 puntu) eta Maria Asurmendi (10 puntu) nabarmendu dira saskiratzaile gisa.