Itxi

Saskibaloia

ENDESA LIGA

IDK Euskotrenek Lointek Gernika garaitu du euskal derbian azken laurden onari esker (69-61)

A. B. R | EITB MEDIA

Partida berdindu baten ostean, azken laurdenean lehia hautsi, eta garaipena eskuratu du etxeko taldeak.

  • Bi taldeko jokalariak lehian

    Bi taldeko jokalariak lehian. Argazkia: @GKesb

IDK Euskotrenek Lointek Gernika Bizkaiari irabazi dio Emakumezkoen Endesa Ligako euskal derbia 69-61eko emaitzarekin. Ostegun honetan (abenduak 22) jokatu den 13. jardunaldiko partida, azken laurdenean erabaki da etxeko taldearen garaipenarekin.

IDK-k sailkapenean bizi duen une larria nabaritu da partidako lehendabiziko minutuetan. Gipuzkoarrak gainetik egon dira markagailuan Mariam Coulibalyk lehen saskiratzea lortu dutenetik (2-0). Hain zuzen ere, Colulibaly eta Dembele pibotek min handia egin diote Gernikari barnealdeko jokoan lehenengo laurdenean. Gernikarrek markagailua estu mantendu dute Andrijana Cvitkovic IDK taldeko jokalari ohiaren puntuei esker. Lehenengo laurdena etxekoen aldeko abantailarekin itxi da (17-11).

Bigarrena oso ezberdina izan da. Bizkaitarrek markagailua irauli dute bi minutu bikainetan (17-18). Azu Muguruza Donostiako taldearen entrenatzaileak hutsartea eskatu du; hala ere, kanpotarrek eraginkortasun handiarekin jarraitu dute (19-23). Lointek Gernikaren bultzada eten du IDK-k, eta zortzi eta hutseko partzial batek abantaila eman die berriro. Azkenean, 27 eta 25eko markagailuarekin iritsi da derbia atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, partida berdinduta mantendu da. Bi taldeen arteko saskiratze trukaketak partida bizitu du. IDK-k sei puntuko abantaila lortu du (40-36), baina Gernikako taldeak ederki erantzun dio partzialari partida 40ra berdinduz (40-40). Derbia 42-43ko emaitza estuarekin heldu da azken laurdenera.

Azkeneko 10 minutuak bikain hasi dira etxeko taldearentzat. Maria Españak lortutako hirukoak bederatzi puntuko abantaila eman dio Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeari. Gernika saiatu da, baina eraginkortasun faltak ez dio partida lehiatzeko azken aukera eman. Natalia Rodriguezen hirukoak norgehiagoka erabakita utzi du (59-48). Azkenean 69-61 nagusitu dira etxekoak. Gauzak horrela, IDK-k garaipena eskuratu du, Endesa Ligan sei porrot jarraian jaso ostean.